Hau da Zumaiako Mugimendu Feministaren irakurketa:
Nazkatuta gaude plaza publikoa beti gizonezkoen begiradatik eta beraientzat eraikia izateaz. Nazkatuta sistema patriarkal eta kapitalista honek eraikitako kaleetan emakumeon lekua uneoro zalantzan jarria eta epaitua izateaz. Nazkatuta gaude iluntzen denerako alarma egoeran ibili behar izateaz gure kaleetan. Nazkatuta, giltzak eskuetan hartu behar izateaz etxera bakarrik joaten garen aldiro.
Eraso sexistak kasu isolatuak baino, gure egunerokoan, gure kaleetan gertatzen diren errealitate gordina dira. Argi ikusi dugu Santelmoetan, baina ez da jai-eremura mugatzen, erasoak gure kaleetako errealitate baitira urteko edozein egunetan. Gure gorputzek zuzenean pairatzen dituzte eraso hauek. Eta jasan gabe ere, hezurretaraino sartuarazi diguten beldurraren funtzioa nabarmena da: gure askatasuna mugatzea. Oso ausartak gara, hori jakina da, baina aspertuta gaude uneoro ausartak izan beharraz, libre izan nahi dugu! Bada, sistema patriarkalak ez du berea lortuko, indarrak bilduta gatoz eta guri sartu nahi izan diguten beldurra, sistema patriarkal basatia txikitzeko erabiliko dugu! Beldurra bandoz aldatuko dugu!
Ez gara mundura sufritzeko jaio, are gutxiago beldurrez bizitzeko. Ozen entzun dezatela, aspalditik elkar hartu dugula, hamaika, milaka gorputz feministen uholdea garela! Gure gorputz handiak, txikiak, potoloak, okerrak, estrabaganteak kalearen erdigunean jarri ditugu; haserretik eta alaitasunetik, kaleak eta gauak hartzera goaz!
Matxirulo entzun, pin pan pun! Ez dugu pauso bakar bat ere atzera egingo, kaleak eta gauak gureak dira! Gu gara bizitza, eta gu gara sistema patriarkala suntsituko duen sua!
GAUAK ETA KALEAK GUREAK DIRA!
ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!
AUTODEFENTSA FEMINISTA!
GORA BORROKA FEMINISTA!