Euskal pilota egokituko azken jardunaldia jokatu zen larunbatean Urretxun. Buruz buruko finalean, teniseko pilotarekin, Zumaiako Kirol Elkarteko ordezkari Luis Zulaikak mailaz igotzeko partidak jokatu zituen, Zarautz K.E.-ko Iñaki Davissonen eta Mindarako ordezkari Mikel Vegaren aurka; bi partidak irabazi zituen, 12-3 eta 12-8 emaitzekin. Garaipen honi esker, multzo gorritik multzo zurira igo da Zulaika. Pilota egokituan multzo urdina da maila gorena, eta zuria da ondorengoa.
Igandean, berriz, pilota egokituko Master Cup txapelketa jokatu zen Eibarko Astelena frontoian, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak antolatuta. Luis Zulaika, Xabier Olaziregi eta Jurdan Arakistain aritu ziren Zumaiako Kirol Elkarteko ordezkari gisa. Zulaikak Maria Jesus Garciarekin osatu zuen bikotea, Olaziregik Alvaro Valorrekin, eta Jurdan Arakistainek Josu Arratibelekin.