Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan jokatu ziren pasa den igandean jubenil mailako Gipuzkoako pilota txapelketako finalak paleta modalitatean. Zumaiako Kirol Elkarteko hiru pilotari heldu ziren txapelketako finalera, larruzko paleta modalitatean.
Banakako finalean, Zumaiako Joel Martin Duranek 20 eta 9 emaitzarekin irabazi zion Txost elkarteko pilotari Ian Davis Ezkerrori. Ondoren, binakako finala jokatu zen, eta hor, bai ala bai, Zumaiako pilotari batek jantziko zuen irabazlearen txapela, elkarren aurka arituko zirelako beste klubetako pilotariekin bikotea osatuz. Hala, Urko Ostolaza Larrañagak eta Errepala elkarteko Aner Rekondo Muruak 35 eta 10 emaitzarekin irabazi zieten Telmo Carballo Arano eta Txost klubeko Aritz Retegi Lizarragari.