Larruzko paleta modalitateko Gipuzkoako txapelketa jokatu zuten atzo Azpeitiko Betharram frontoian. Berez, Deban ziren jokatzekoak partidak, baina ezuste bat dela medio, beste pilotaleku bat auritu beharrean aurkitu zen Gipuzkoako federazioa, eta, azkenean, Azpeitira lekualdatu zuten kirol jarduera.
Kadete eta jubenil mailako finalak jokatu zituzte. Azken honetan, Zumaiako Kirol Elkarteko Telmo Carballo eta Aritz Garikano Donostiako Errepala elkarteko Eguzkitza eta Rekondoren aurka aritu ziren. Ondo sufritutako garaipena erdietsi zuten zumaiarrek. Partidaren fase askotan atzetik joan ziren markagailuan. Carballok eta Garikanok, gainera, ez zuten kantxan gozatzen, eta sentsazioak onak ez baziren ere, lehiatik ez ziren atera eta donostiarrek zumaiarrekiko izandako aldea ez zen inoiz bizpahiru tantotik pasa. Amaieran, 33-34 emaitzarekin galtzen izan arren, bere onena eman eta azken bi tantoak zumaiarrentzako izan ziren, partida eta, ondorioz, txapelketako finala 35-34 emaitzarekin irabaziz.