Harrobiko Zumaiako pilotariek ezin izan dituzte txapelak jantzi asteburuan jokatutako finaletan

Mutrikun jokatutako finaletako sari banaketen irudia.

Zumaiako Kirol Elkarteko pilotari gazteek paletako infantil mailako finala, eta kimuen zesta punta modalitatekoa jokatu dituzte pasa den asteburuan. Bietan ere ihes egin die garaipenak.

Zumaiako harrobiko pilotari gazteek ez dute zorterik izan pasa den asteburuan jokatutako finaletan. Paletako infantil mailako finala jokatu dute Zumaiako Kirol Elkarteko pilotariek Ordizian; kimu mailako puntistek, aldiz, Gipuzkoako txapelketakoa Mutrikun. Bietan ere ezin izan dute irabazleen txapela jantzi. 

Errendimenduko Udaberri Sariko finala jokatu zuten ostiral arratsaldean Ordiziko Beti Alai pilotalekuan. Paletako finalean, infantil mailan, Zumaia eta Altzatarra klubak neurtu ziren. Zumaiarren aldetik, Oier Alkorta, Aimar Rodríguez eta Xabat Esteibar aritu ziren, eta finala borrokatu bazuten ere, donostiarrak izan ziren nagusi 30-17 emaitzarekin. 

Infantil kategoriako Zumaiako palistak.

Egun bat geroago, larunbatean, infantil eta kimuen kategoriako Gipuzkoako txapelketak jokatu zituzten Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan. Kimuetan, finalerako bidean partida guztiak irabazi zituzten arren, Zumaiako Kirol Elkarteko Ibai Arizaga eta Luken Osanbelak ezin izan zuten etxeko bikotearen aurka beraien jokoa erakutsi, eta 25-13 emaitzarekin galdu zuten. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide