Txapeldun izan da Zumaia Euskadiko 43. Eskolarteko pilota txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Pilota Elkartea 2026ko ekainaren 2a

Larruzko paleta eta gomazko paleta modalitateetan lortu dituzte Zumaiako Kirol Elkarteko haurrek garaipenak, Bizkaiko eta Arabako pilotariei irabazi eta gero. 

Euskadiko 43. Eskolarteko pilota txapelketako finalak jokatu zituzten pasa den asteburuan Oiartzungo (Gipuzkoa) Madalensoro pilotalekuan. Larunbatean Bizkaiko eta Gipuzkoako haur pilotariak aritu ziren, eta igandean Arabakoak eta Gipuzkoakoak. Zortzi modalitatetan jokatu zituzten partidak, eta horietako bitan Zumaiako palistak aritu ziren lehian, Gipuzkoako txapeldun gisa: Osanbela eta Rodriguez larruzko paleta modalitatean, eta Alkorta eta Esteibar gomazko paletakoan. 

Larunbatean jokatu zuten Bizkaiko palisten aurka, eta bietan ere garaipenak erdietsi zituzten Zumaiako pilotariek: 25 eta 21 larruzko paletan, eta 25 eta 4 gomazkoan. Igandean, berriz, Arabako pilotariak izan zituzten aurkari, eta bi norgehiagoka horietan ere nagusi izan ziren zumaiarrak: 25 eta 20 larruzko paletan eta 25 eta 10 gomazkoan.

Datorren asteburuan jokatuko dute azken jardunaldia Bizkaiko eta Arabako pilotariek, baina bi garaipen lortuta, Gipuzkoa ordezkatzen duten Zumaiako palistak Euskadiko txapeldun izendatu dira. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide