Goiko Ospitalea

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udal Artxiboa 2015ko abe. 31a, 15:15

Gabon garaian murgilduta gauden honetan, ohikoa egiten da komunikabideetan eta kalean ongintzarekin loturiko iragarkiak ikustea. Urteko egun hauekin lotzen dugun kristau espiritua baliatu izaten dute zenbait erakundek behartsu eta gaixoen aldeko dirua eta laguntza biltzeko. Kristau espirituari baino, pertsonen humanitateari oihu egiten diete.

Karitatea eta pertsonen arteko laguntza kultur eta erlijioen gainetik dagoen ezaugarria izan arren, gure lurraldean ongintzara bideratutako ospitaleak Erdi Aroan agertu zirela esan daiteke. Pobre, alargun, umezurtz eta bidaiarientzako ongintza etxeak ziren gehien bat.

Zumaiak bi ospitale izan zituen Erdi Arotik XVIII. mendera arte: goikoa eta behekoa. Dokumentazioan biei buruzko aipamenak topatu daitezke. Gehienetan seroren eta diruzainen izendapenei buruzkoak dira, edota behartsuren bat edo beste ospitalean sartzeko erabakiak. Hala ere, tartean badira ospitalen ondasunen inguruko inbentarioak. Hauek dira informazio aberatsena eskaintzen dutenak, izan ere ospitaleen kudeaketaren berri ematen dute. Goiko ospitaleari (dokumentazioan hospital de Nuestra Señora de Arridokieta) buruzkoak dira mamitsuenak. Arritokieta baseliza debozio handiko gune erlijiosoa izan da Zumaian. Honen adierazle 1620tik aurrera Arritokietako Andra Maria herriko zaindaria izendatu izana da. Ziurrenik zumaiarren sentiberatasun honek bultzatu zuen baseliza honi lotutako ospitalearen sorrera.

1584ko udal akta bati esker Zumaiako elizak, San Telmo eta Arritokieta baselizek eta goiko ospitaleak zituzten ondasun ekonomikoak jakin ditzakegu. Dokumentu honek bertako seroren dote edo sariak jasotzen ditu eta denetan aberatsena Arritokietako ospitalea dela ikus daiteke. Goiko ospitalea zaindu eta bertara gerturatzen zirenak atenditzeaz arduratzen ziren hiru serora zeudela jasotzen du inbentarioak: Maria Martinez Errekartekoa, Maria Martinez Malleakoa eta Clara Narbaztakoa. Hiru hauek, serora izateko eskaera burutzeko momentuan, dote bat zehaztu behar izan zuten; Errekartek 200 dukat, Malleak 100 dukat eta Narbaztak 200 dukat eskaini zituzten. Serora-sari hauek 500 dukat batzen dituzte, San Telmo baselizako serora bezala agertzen den Maria Dominguez Irigoienekoak eskainitako serora-sariaren (50 dukat) oso gainetik.

Udalbatza, besteak beste, eliza nagusiko, San Telmo eta Arritokieta baselizetako eta ospitaletako patroi zela gogoratu beharra dago. Horrek serora-sarietako dirua nahi bezala kudeatzeko aukera ematen zion. Hau zentsotan emateko ohitura zuela ikusi dugu. Alde batetik serorek zentso horietatik lortzen ziren etekinak edo interesak jasotzen zituzten biziarteko beren gastuei aurre egin ahal izateko. Interes hauek zentsoaren gaineko %6-7koa izaten ziren eta seroraren heriotzaren ondoren Udalbatzak eskuratzen zituen. Bestalde, kopuru nagusiena Udalbatzarentzat zen, eliza eta ospitaleko patroi gisa. Honako hau oso datu interesgarria suertatzen da, izan ere udalbatzak serora-sariak herritarrei maileguak uzteko erabiltzeak, krisi garaiei aurre egiteko aukera ematen ziela pentsatzera garama.

1584ko dokumentu honetatik Zumaiako Udalbatzak ongintza lanak bi esparrutan egiten zituela antzeman daiteke. Batetik, bi ospitaleen kudeaketaren ardura bere gain hartuz; bestetik, bertan jasotako serora-sariak diru beharrean ziren herritarrei maileguak emateko erabiliz.  Dokumentazioak aditzera ematen duenez, goiko eta beheko ospitalak funtzionatu zuten bitartean Udalbatzak praktika honekin jarraitu zuen.

Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide