Haizete hau XX. mendeko bortitzenetakoa izan zen eta penintsula osoan kalte ugari eragin zituen. Eguraldi zakar honek ere hondamendia ekarri zuen Kantauri kostaldera. Gertaera esanguratsuena Santanderreko sutea izan zen; ia hiriburu osoa birrindu zuen. Zumaia ere bortizki astindu zuen. Artxiboan gordea dagoen dokumentu batek adierazten duenez, herriko zenbait etxeetan kalte nabarmenak eragiteaz gain, Astilleros Arrizabalaga y Olasagasti enpresa, Artadiko eskola eta San Pedro parrokia kaltetuta suertatu ziren. Guztira 30.530 pezetako kalteak eragin zituela estimatzen da.
Herrian kalte materialak sortzeaz gain, zumaiarren memorian gordea dagoen ezbehar baten erruduna ere izan zen “urakana”: otsailaren 15eko arratsaldean Bilbotik Donostiara zihoan trenaren istripua.
Ezbeharra trenbideko zubian gertatu zen. Trena normala zena baino polikiago zihoala esaten da. Dirudienez, klimatologiaren ondorioz, argi indarraren horniketa ez zen behar bezalakoa eta trenak behar adina abiadura ezin zuen lortu. Egoera horretan, Zumaiako tren zubia zeharkatzen ari zenean, haize ufada handiak hasi ziren. Trenaren bagoiak alde batetik bestera kulunkan ibili ondoren, zubiaren gainean zeuden hiru kotxeak Urola ibaira erori ziren. Lokomotora izan zen zubiaren gainean mantendu zen bakarra, bere pisuari esker. Gainontzeko bagoiak portuko geltokiraino zihoan trenbidera erori ziren.
Haizete bortitzak, gainera, probintziako komunikazioa eten zuen eta larunbat arratsaldean gertatu zen ezbeharraren berri ez zuten igande goizaldera arte izan Donostian. Trenean bidaiatzen zuten pertsonen senitartekoak, hauek helmugara iritsi ez zirela ikusirik, zenbait dei egiten hasi ziren, baina goizeko seirak arte ez zen berri ofizialik jaso; Zumaiako Udalak bidalitako mezularia Gobernu Zibilera iritsi zen arte.
Berria jakin bezain laster Probintziako Osasun Ikuskatzailea, Gurutze Gorriko mediku, erizain eta mojak, Cárdenas Kapitainaren talde kirurjikoa, Probintziako anbulantziak, militarrak, Donostiako Udaltzaina eta Gobernadore Zibilaren aginduz mugiarazitako omnibus eta autobusak Zumaiarako bidea hartu zuten erreskate lanetan laguntzeko prest.
Udal artxiboan ez dugu gertakari honen inguruko daturik topatu. Garaiko prentsa idatzian ordea, ugariak dira egun horretan piztu zen haizeteak eragindako kalteei buruzko berriak. Otsailaren 18ko Diario Vascon, besteak beste, “La violencia del vendaval hizo volcar el tren de Bilbao desde el puente de Zumaia al río” titularra irakurri daiteke. Istripu honetan 22 hildako eta 54 zauritu egon ziren.
Aurten 75 urte betetzen dira zorigaitzeko tren istripu larri hau gertatu zenetik.
Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)