Aurten Bigarren Errepublikaren ezarpenaren 85. urteurrena ospatzen da. Apirilaren 12an egindako hauteskundeek Alfontso XIII. erregea boteretik kentzea lortu zuten, monarkiarik gabeko estatua defendatzen zuen alderdiak irabazi baitzuen. Bigarren Errepublika 1931ko apirilaren 14ean aldarrikatu zen, baina ezaguna da Eibarren aurreko egunean altxatu zutela hiru koloretako bandera. Eta Zumaian? Noiz eta nola izan zen Errepublikaren aldarria?
Udal-aktak dokumentazio egokia izaten dira horrelako informazioa aurkitzeko, bertan jasotzen baitira udalbatzar berrien osaketak eta bileretan jorratutakoaren inguruko berriak. Horrela, 1931ko apirileko udal-aktak aztertu ditugu Errepublikaren aldarriari buruzko berrien bila.
“Acta de constitución del Ayuntamiento Republicano” da 1931ko apirilaren 15eko aktaren izenburua. Egun horretan osatu zen, apirilaren 12ko hauteskundetan garaile ateratako Udalbatzar Errepublikanoa. Hauteskunde horien ondoren Victoriano Arrate Loiola, Juan Arratibel Larrañaga, Benigno Arrieta Larrañaga, Leon Esnal Alberdi, Martin Elorriaga Gomez, Gabriel Betondo Ostetxe, Zacarias Arrizabalaga Urdanpileta, Sotero Azpeitia Orbegozo, Eduardo Zubia Egaña, Alejandro Lartige Larrañaga eta Manuel Urruzuno Agirrezabalaga izan ziren Zumaiako Udalbatzarreko 11 zinegotzien eserlekuak bete zituztenak. Bilera berean, Victoriano Arrate Loiola alkate, Juan Arratibel Larrañaga lehen alkateorde eta Benigno Arrieta Larrañaga bigarren alkateorde izendatu ziren, zinegotzien artean egindako bozketaren ondorioz.
Euskal Herriko herri askotan gertatu zen bezala, Zumaiako udalbatzar berriak monarkiarik gabeko estatu baten eskaera gainditzen zuen Euskal Errepublika defendatzen zuen. Juan Arratibel Larrañaga eta Victoriano Arrate Loiolak, Zumaiako Euskal Alderdi Errepublikanoaren eta Euskal Alderdi Jeltzalearen ordezkari gisa, aurkezten duten mozioan argi azaltzen da udalbatzar berriaren nahia: Euskal Errepublikaren aldarrikapena eta gainontzeko lurraldeetan osatuko diren errepublikekin batera konfederazio bat osatzea. Hau da, subiranotasuna mantentzen duten zenbait estaturen arteko gobernu bat. Donostiako itunean sinatutakoa ardatz hartuz (non Kataluniako estatutua defendatu zen), Euskal Herriaren autodeterminazioaren lehen pauso bezala ikusten zen eskaera hau. Horrela, 1931ko apirilaren 15ean Zumaian Euskal Errepublika aldarrikatzea eta erabakiaren berri Errepublikako behin-behineko gobernuburuari jakinaraztea adostu zuten.
Udalbatzar errepublikano abertzalea izanik, batzar aretoan zintzilik zegoen Alfontso XIII. erregearen erretratua eta honen azpian “Inmensamente vascos-totalmente españoles” aldarrikatzen zuen plaka ere kentzea erabaki zen.
Lau egun beranduago beste udalbatzar bat egin zen, behin betiko udalbatzar errepublikanoa aldarrikatuz eta apirilaren 15ean erabakitakoa berretsiz. Egun horretan gainera, ordura arte Alfontso XIII. etorbidea izenez ezagutzen zena Errepublikaren etorbidea izendatzea eta Primo de Rivera Eskola Taldeari Arrangoleta Eskola Taldea izena jartzea erabaki zen.
Abertzaleentzat aro berri baten esperantza ekarri zuen II. Errepublikaren aldarriak; estatua egituratzeko modu berri baten esperantza eta honekin euskal nazioa eraikitzeko bidearena. Errepublika aldarrikatu eta gutxira, bide hori aldarrikatzen zuen alkate mugimendua hasi zen Euskal Herrian.
Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)