Maritxuren irudia propio jantzita gogoratu dute Bigarren Errepublikako aldarrikapenaren 85. urteurrena

Baleike 2016ko api. 14a, 09:42

Sanjuaniturriko Maritxuk bat egin nahi izan du gaur, apirilak 14, Errepublikaren aldarrikapenaren 85. urteurrenarekin. Hala, Hombrados Oñatibia margolariak egindako koadroan agertzen den arropekin janztea erabaki du.

1931. urtean aldarrikatu zen Bigarren Errepublika Espainian. Eibar izan Errepublikaren alde agertu zen lehen hiria eta atzetik beste asko gehitu zitzaizkion. Zumaiako aldarrikapenak badu, baina, desberdintasun bat Eibarrekin alderatuta: han Espainiako Errepublika aldarrikatu bazen, hemen Euskal Errepublikaren alde egin zuen udalbatzak. Hala jasotzen da orduko agirietan. Ez hori bakarrik: 1931. urte hartan autodeterminazioaren alde ere egin zen.

Urte hartan bertan, Zumaiako alkate zen Victoriano Arratek koadro bat enkargatu zion Hombrados Oñatibia margolariari. Pintoreak Gernikako Batzarretxean 1601ean egindako foruen bilkura bat margotu zuen eta bertan Zumaia irudikatzen zuen emakume bat kokatu zuen, herriko irudia soinean duela. 

Koadro hau 1932. urtean zintzilikatu zen Zumaiako udaletxean. Gerra lehertu zenean, baina, kendu egin zuten eta 40 urtez galduta egon zen. "1977an, Francoren irudi guztiak kendu zituzten eta haren margo baten atzean Hombradosen koadroa agertu zen. 1980ko hamarkadan, herriko orduko gobernuak koadro honen kopiak egin zituen eta baita herrian banatu ere. Zumaiako etxe askotan daude koadro honen kopiak, baita atari batzuetan ere", azaldu du Erkibe kultur elkarteko kide Joseba Esnalek.

Emakume horrek zeramatzan janzki berberekin jantzi dute gaur goizean Maritxu. Goizeko lehen ordutik aritu dira lanean Arritxu Bidasoro eta Arritxu Goikoetxea. Bidasorok propio egin du jantzia egun honetara. Detaile guztiak zaindu nahi izan ditu eta, adibidez, kremailera Valladolidetik ekarritakoa da eta botoiak Talaveratik. Armarria, berriz, Goikoetxeak egin du espresuki.

Eguraldia lagun bada, behintzat, egun osoan izango da Maritxu modu honetan jantzita, Zumaian Euskal Errepublika aldarrikatu zela gogoratzeko. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide