Odieta pilotalekuak azpian gordetzen duena

Ekainaren bukaeran Aitzuri pilotaleku berriak ateak zabaldu zituen Zumaian.  Denbora behar izan du proiektuak, baina jadanik errealitatea da herrian: Zumaiak badu pilotaleku berria.

Inaugurazio batek beste bat ekarri digu gogora. Hau dela eta, pilotaleku berriaren itzalean Odieta zaharrera begira jarri gara oraingoan. Jatorrizko Odieta pilotalekua 1856an eraiki zen, Foru Enparantzan zegoen pilota-jokoa ordezkatzeko asmoz. Badirudi ordea, 1882rako pilotalekua ez zegoela egoera onean eta berritzeko eskaerak jaso zituen garaiko udalbatzak. Lanak atzeratu egin ziren, Paoleko bidea eraikitzen ari ziren garai hartan eta diru premia zegoen. Azkenean, ia osorik eraberritzeko ezohiko aurrekontua onartzea erabaki zen. Luis Aladren arkitektoari egin zitzaion proiektuaren eskaera, Donostiako Kasinoko arkitektoa izan zenari.

1888ko uztailean hasi ziren Odieta eraberritzeko lanak. Eraikin berri bat altxatzen den bakoitzean bada ohiko zeremonia bat, lehen harriarena hain zuzen. Zeremonia honekin eraikuntzari hasiera ematen zaio eta autoritateek egun edo garai horretako zerbait gordetzen duen kaxa bat jartzen dute lurpean. 1888ko uztailaren 26ko udal-aktak lehen harria ezartzeko zeremoniaren inguruko berri ematen du. Odieta pilotalekuaren azpian zer gordetzen den jakin nahi duzue? Ziur baietz...

Udalbatza osoaren adostasunarekin akta bat idatzi zen eta berunezko xafla batean txertatu. Xafla hau pilotaleku berriaren lehen silarriaren azpian kokatu zen. Honako hau da berunezko xaflan txertatutako aktan jartzen duena:

“En la villa de Zumaya a, veintiseis de julio de mil ochocientos ochenta y ocho, Don Eusebio Gurruchaga alcalde presidente, Don Lino Ostolaza primer teniente alcalde, Don Manuel Aldaz segundo teniente, Don Estanislao Echave primer regidor y Don Andrés Balenciaga síndico regidor han presenciado la colocación del primer sillar del nuevo frentón que se levanta en mismo local en que existió el construído en el año 1856 y bajo cuya piedra queda depositada esta acta firmada por los presentes. Además de estos han presenciado el acto Don Matías Artega maestro de obras y los canteros Don Juan María Zequería, Don Pedro José Odriozola y otros varios. De todo lo cual doy fe, yo, el infraescrito secretario.”

Akta hau Eusebio Gurrutxagak, Lino Ostolazak, Manuel Aldazek, Estanislao Etxabek, Andres Balentziagak eta Fenando Truebak sinatu zuten.

Honek kuriositatea piztu digu.... Aitzuri pilotalekua eraikitzen hasi zirenean egin ote zen lehen harriaren zeremonia? Eta horrela bada, zer ote da bertan gorde zena?

Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide