Esan beharra dago ez dugula batere erraza izan, baina honek ez gaitu ezustean harrapatu. Ekoizpen bati buruzko informazioa lortzeko lehen iturriak interesatzen zaigun produktua ekoizten zuten enpresak izaten dira. Gauza jakina da, ordea, enpresen artxiboak pribatuak direla eta hauek ez direla informazioa publikoki partekatzearen oso aldekoak, ezta enpresak ateak itxi eta desagertzen denean ere. Hala ere, enpresako informazioa interesgarri gertatu daitekeenaz jabetzen direnak eta enpresako agiri funtsa udal artxiboei eskaini izan diotenak ere badira, Gipuzkoan hauek salbuespen gutxi batzuk izan arren.
Zumaiako kasuan, tamalez, udal artxiboan oso dokumentu gutxi topatu ditugu herriko zementu naturalaren ekoizpenaren berri eskaintzen dutenak. Aurkitu ditugun gehienak Gurruchaga, Lopez y Compañía enpresarekin erlazionatuta daude. Hauek “Zumaya” izenez ezaguna zen zementu naturalaren zabalkundearen berri ematen digute. Baita, fabrika horretan lan egiten zuten langileen izenak jaso eta hauen soldaten berri eman ere. Datu hauek, ur frexkagarria izan dira desertuan.
Lehenengo kasuan Gurruchaga, Lopez y Compañíak bere ekoizpena merkaturatzeko pausoak azaleratzen dituzten posta-trukea dugu. Pedro Gurruchaga Uriartek, beste bazkide batzuekin batera, 1893an jarri zuen martxan “La Zumayana” izeneko zementu fabrika. 1903an, Pedro hil ondoren, Gurruchaga, Lopez y Compañía sozietate kolektiboasortu zuten, bazkide berriak sartuz. Sektoreko enpresen artean gazteena zenez, lehiakide beteranoenei aurre egin behar izan zien. Udaletxean Oviedoko probintziako “Cuerpo Auxiliar Facultativo de Obras Públicas” izenekoak 1905eko uztailaren 21ean igorritako gutun bat aurkitu dugu. Bertan, (..) ha de ser difícil luchar con los fabricantes de esa Sres. Corta y Uriarte, ya acreditados, que desde hace tiempo proveen a contratistas y al comercio de esta región, vendiendo hoy en idénticas condiciones a las que VV. proponen”.
Agian, bertako konpetentzia handiak bultzatuta edo, enpresa honek nazioarterako pausoa ematea erabaki zuen. Horren erakusgarri da Mexikon bere ekoizpena merkaturatzeko ahalegina erakusten duen posta-trukea. Gurruchaga, Lopez y Compañía enpresako arduradunak Mexikoko Felipe Neumman y Cía. enpresarekin jarri ziren harremanetan 1905ean. Mexikoko gobernua zenbait obra egitekoa zen garai hartan eta horretarako zementu naturala behar zuen. Hasiera batean Mexikoko Parlamentua eraikitzeko zen zementu eskaera, baina hau laster handitu zen. Dirudienez lurraldean zenbait azpiegitura hidrauliko egin nahi ziren, tartean Xochimilcokora ura bideratzeko akueduktuak. Hau dela eta, Mexikoko Gobernuak, obra hauentzako beharrezkoak ziren lehen 100.000 zementu natural upelak nori erosiko zizkion erabakitzeko lehiaketa deitu zuen. Zumaiako enpresak ez zuen Allen enpresa alemaniarraren baldintzak hobetzea lortu, Hamburgotik Veracruzerako fletea merkeago suertatzen zelako. Dirudienez hemen bukatu ziren Mexikorekin negozioak egiteko saiakerak.
Aurkitu dugun beste dokumentu interesgarria “La Zumayana” fabrikako langileen izenak eta postuak islatzen dituzten 1891, 1901, 1903, 1904 eta 1905eko zerrendak dira. Lehen zerrendan, langileak zementu ekoizpenarekin lotutako 5 sailetan banatzen zirela ikusten da: xehetze saila, erretze saila, bapore saila, paketatze saila eta portuko biltegiko arduraduna. Sail hauek gutxitzen edo langileak bateratzen joan ziren urteak pasa ahala. Horrela, 1903ko zerrendan xehetze saila eta erretze saila dira aipatzen diren bakarrak. Langile kopurua ere nabarmen jeitsiko da, ziurrenik prozesuaren atal baten nolabaiteko mekanizioak bultzatuta edo. 1891ean 18 langile zituen fabrikak, 1901ean 14, 1903an 5, 1904ean 7 eta 1905ean 2. Azken urte honetako bi langileek xehetze eta erretze sailean batera lan egiten zuten. Langile guzti hauen artean emakume izen bat topatu dugu 1901eko zerrendan: Clara Olaizola. Honek paketatze sailean egiten zuen lan zakuak sakabanatzen. Azkenik, datu baliagarri bat: 1891ean eta 1901ean langileen soldatak agertzen zaizkigu. Horren arabera, 1891ean 2,5 pezeta inguru kobratzen zituen langile batek “La Zumayana” enpresan eta 1901ean 3,5 pezeta inguru.
“La Zumayana” zementu fabrikak 1907an utzi zion ekoizteari. Hala ere, egun ikusgarri daude ekoizpen multzo honen hondarrak. Hauek gertutik ezagutzeko eta Zumaian zementugintzak izan zuen garrantziaz jabetzeko aukera paregabea duzue urriaren 7an 10:30ean. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero antolatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, ZIIZ-Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroa taldeko kideek Narrondoko industriagunea ezagutzeko bisita gidatua antolatu dute. Izen emateko 943 86 10 56 telefonora deitu besterik ez dago. Hemendik bertara gerturatzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu. Izan ere, zementugintzaren inguruan aritzeko zein ZIIZeko kideak baino hobeto?