Urte amaierako ezkila-hotsa

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udal Artxiboa 2017ko abe. 30a, 09:17

Gainean dugu Abenduaren 31, gainean urtearen amaiera. Egun horretako azken minutu eta segundoak noiz iritsiko zain egoten gara urte zaharrari agur esan eta berriari ongietorria emateko. Gauerdian, elizako ezkilek 12 aldiz dilin-dalan jotzen dituztenean da unea. 

Ezkila-hotsa, ordea, urte osoan entzuten dugu. Denbora zehaztu eta aditzera ematen du. Bizi erritmoa markatzen du gailu hauen soinuak. Horri jarraiki ekin diogu Zumaiako Udal Artxiboan guretzat aurtengo azken idatzia izango dena osatzeari.

Lehen dilin-dalan hotsak 1770. urtera garamatza. Zumaiako kanpandorrearen egoera nahikoa tamalgarria zen une hartan. Hori zela eta, mugakide zuen Debari, kanpandorrea eta teilatua osatzeko beharrezko materialak prestazio komunetik bidaltzeko eskaera luzatu zion. Lanek aurrera jarraitu zuten eta lau urte geroago, 1774ko urtarrilean, parrokian zegoen eta “Santiago” izenez ezagutzen zen ezkila saltzeko batzorde bat sortu zen. Dirudienez, nahikoa kanpai bazen herrian eta hau sobra zegoen. Modu horretara salmenta bidez diru apur bat ateratzea erabaki zuten. Hauxe da Zumaiako parrokiko ezkilei buruzko lehen berri zuzena. Izan ere, aitortu beharrean gara, parrokiko ezkila-hotsei dokumentazioan jarraitzea ez da batere erraza izan. Gezurra dirudien arren, mendetako isiluneak topatu ditugu. 1844koa dugu hurrengo aipamena. Urte horretako uztailaren 21ean, San Telmo baselizako kanpaia parrokiara lekualdatzeko adostasuna jaso zen.

Bi aipamenak laburrak baina adierazgarriak dira. Alde batetik, ezkila bakoitza izendatu egiten zutela ematen zaigu aditzera. Beste aldetik, ezkila hauek berrerabili edota birziklatu egiten zirela. Nahiko ohikoa izaten zen ezkila zaharra edo matxuratua kanpaigile-maisuari bidali eta hura urtuaz berri bat egiteko eskaera egitea. Aintzat hartu beharra dago garai haietan metalak izan zezakeen balioa eta kanpai berri bat egitearen kostua ez zirela  nolanahikoak izango.

XX. mendearen hasierara egin behar dugu salto ezkila-hots ozenak berriz entzuteko. 1914an jasota dago Zumaiako parrokoak eskerrak ematen dizkiola Udalbatzari ezkila berri bat edo bi erosteko diru-bilketari 100 pezetarekin hasiera emateagatik. Hori horrela, agerikoa da Zumaiako parrokia ezkila berrien beharrean aurkitzen zela. Hala ere, ez da harritzekoa, dokumentazioak gezurrik esaten ez badu behintzat, eta bertako isiluneak aintzat hartzen baditugu, parrokiko ezkilek mendeetan makina bat dilin-dalan emanak izango ziren eta!

Ezkila-hotsak atzean eta ezkila-hotsak aurrean. Urte amaiera eta urte hasiera. Mitologia erromatarreko Jano jainkoaren gisan. Urte amaierak etorkizuna baikortasunez begiratzeko uneak biltzen dituela esan dezakegu. Guk ere horrela bukatu nahi dugu 2017a, urte berrian tarte hau zuekin partekatzen jarraituko dugula eta bertan topo egingo dugula pentsatuz. Zumaiako Udal Artxiboan muturra sartuta, gai berrien ezkila-hotsen atzetik topatuko gaituzue datorren urtean ere.

Goza ditzazuela Urtezahar gaueko dilin-dalan soinuak eta 2018 oparoa izan dezazuela!

Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide