Elektrizitatearen iritsiera

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udal Artxiboa 2018ko mar. 10a, 09:41

Urtarrileko idatzian desagertua dagoen ogibide bat izan genuen hizpide. Farolari eta gauzainek, gurera elektrizitatea iritsi baino lehen, kale argiztapena bermatzeko betebeharra izan zutela ezagutu genuen. Argindarraren iritsierak, ordea, lanbide hauek desagerrarazi zituen pixkanaka. Aurreko idatziaren ildoari jarraituta, Zumaiara elektrizitatea noiz iritsi zen jakitea izan da oraingo helburua.

Zumaiako artxibategian gorderik dauden dokumentuetan, kale argiteria ezartzeko lehen interesa 1892koa dela irakur daiteke. Urte horretako abenduan, Zumaian kaleetan argiteria elektrikoa jartzearen onurak aztertzea egokitu zitzaion Lan Batzordeari. Honek Jorge Anlemeyer elektrizitate ingeniariari eskatu zizkion herrian kale argiteria elektrikoa jartzeko ikerketa eta aurrekontua. Bitartean, kale argiztapena hobetu nahian, Udalak petrolioz funtzionatzen zuten argiontziak jartzen jarraitu zuen herrigunean eta portuan.

Ia bi urte geroago, Anlemeyer ingeniariak bere ikerketarekin jarraitzen zuen. Zumaia elektrifikatzeak kostu bat zekarren herriarentzat, ez zen nolanahikoa izango, gainera. Hori pentsarazten du Anlemeyerrek herriko kapitalistek elektrifikazioan interesa duten galdetzen duen eskutitzak. Aurrekontuarekin izan zitezkeen arazoak medio, ikerketak aurrera jarraitu zuen eta 1894an Zumaia eta Zarautz elektrizitatez hornitzeko ur saltoen bila aritu ziren.

Hasieran Oikian Urola ibaiaren erriberan kokatzen zen Mantzisidor errotako ur saltoa egokia izan zitekeela pentsatu zen. Hala ere, azterketak erakutsi zuenez, neguan bi herriak argiztatzeko nahikoa indar izan arren, udan ez zuen nahikoa. Bi herrien elektrifikazioa ezin zen, beraz, ur salto bakar horren indarretik lortu. Honen aurrean, ingeniariek Narrondoko ur saltoaren indarrean jarri zuten arreta. Urolan eta Narrondon kokatutako bi ur salto horiek bertako errota zaharrei lotuak zeuden. Elektrizitatearen iritsierarekin errota zaharren azpiegiturak baliatu ziren zentral elektriko bihurtzeko. Euskal Herriko ibai eta errekatan egun erabilerarik ez duten zentral elektriko ugari topa daitezke.

Narrondoko eta Mantzisidorko ur saltoen indarra batuz Zarautz eta Zumaia elektrizitatez hornitzeko nahikoa zela ondorioztatu zuen azterketa egiten ari zen ingeniari taldea. Hori horrela, Udalak Narrondoko errota eta haren ur saltoa erosteko kudeaketa abian jarri zuen 1894ko maiatzean. Ia aldi berean, herria argiteria elektrikoz hornitzeko lanak enkantera atera zituen. 1895eko azaroan, ordea, Udalaren eta Narrondoko errotaren jabearen artean desadostasunak sortu ziren. Dirudienez, errota eta ur saltoa ez zitzaizkion Udalari saldu, errentan eman baizik. Errotaren jabeak, ordea, atzera egin eta kontratua bertan behera uzteko nahia erakutsi zuen. Zenbait balorazioren ondoren, Zumaia elektrifikatzeko ur salto horren beharrik ez zegoela ikusi zuten eta Narrondoko errota eta haren ur saltoa alboratu egin zituzten. Hortik aurrera, egitasmoak Urola ibaian kokatzen zen Mantzisidor errotarekin eta bertako ur saltoarekin bakarrik jarraitu zuen aurrera. Ur salto horren indarraz Zumaia bakarrik baliatu zela ondoriozta daiteke eta ez, hasieran pentsatu bezala, Zumaia eta Zarautz.

1896 bitartean Zumaia argindarrez hornitzeko lanak egin zituzten. Mantzisidorko errota zentral elektriko bihurtu, elektrizitatea Zumaiaraino garraiatzeko kable eta posteak jarri, argiteria berrirako beharrezkoak ziren bujia eta bonbilak jarri eta abar. Urte horretan iritsi zen argindarra Zumaiara eta gauetan kaleak argiteria elektrikoaren argitasunez bete ziren. Ondoren iritsiko ziren bertako lantegien elektrifikazioa lehenik, eta etxeena ondoren. Baina guretzat etxeetan hain arrunta eta beharrezkoa zaigun elektrizitatea lortzeko zenbait urte pasa behar izan ziren.

Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide