Zumaiako Udalak herrian izandako azken ekintza bandalikoak salatu ditu

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2016ko uzt. 15a, 11:57

Azken bi asteetako gertaera hauek, herritarren arteko elkarbizitza egokia oztopatzen duela azpimarratu du Udalak.

Azken asteotan Zumaian gertatu diren ekintza eta jarrera bandalikoen harira, Udalak, egoera salatu eta ekintza hauek guztiak gaitzetsi ditu. “Udala edozein ekintza bandalikoren aurka dago eta horrelako jarrera guztiak salatuko ditugu” azaldu dute.

Ekintza hauen artean, besteak beste, Zumaiako hainbat hiri-altzari txikituta eta erreta azaldu dira. Honen aurrean, su-hiltzaileek bi aldiz esku hartu behar izan dute, bata, Foronda gaztelu inguruan eta bestea, Ortiz enpresaren aurrean, geltokiko poligonoan. Eta hau gutxi balitz, herriko tren turistiko edo txu-txuan ere, bizpahiru aldiz sartu eta hau janari, edari eta zigarroz zeharo zikinduta uzteaz gain, bi kristal ere apurtu dituzte.

Udalaren hitzetan, “horrelako ekintzek zumaiarron arteko elkarbizitza egokia oztopatu besterik ez dute egiten eta hau ekiditeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditugu”.
Era berean, Udalak, herritarren arteko elkarbizitza baketsua bermatzeko, errespetua oinarri izango duen herri baten alde lan egiten jarraituko duela berretsi du. “Horrelako gertaera eta ekintzek ez dute lekurik gure herrian eta Udalak hauek salatzen jarraituko du, gaur, bihar eta beti” amaitu dute.

ZUMAIAKO UDALA
Zumaian, 2016ko uztailak 15

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide