Udalak asteburu honetan gertatutako hainbat ekintza bandaliko salatu ditu

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2016ko uzt. 27a, 14:24

Hauen artean, Moilaberrian jarritako loreontziak suntsitu eta Artadiko zuhaitzeko punta berriak ere apurtu dituzte. Horrelako ekintzek, zumaiarren arteko elkarbizitza baketsua oztopatzen dutela berretsi du Udalak eta guztion ongizatea bermatzeko eremu publikoak zein ingurumena errespetatzeko laguntza eskatu die herritarrei.

Aste bukaera honetan Moilaberrin Udalak jarri berri zituen loreontziak zeharo apurtuta eta hauetako batzuk uretan botata ere agertu dira, eta honetaz gain, lorezaintzako enpresak otsailean kimatutako San Migeleko zuhaitzean hazi diren lehen punta eta lore berriak ere txikituta azaldu dira.

Ekintza hauen eta aurreko asteetan gertatutakoen harira, Udalak, berriro ere, egoera salatu eta jarrera hauek guztiak gaitzesten dituela berretsi du. Ezin ahaztu, ekintza hauetaz gain, hainbat hiri-altzari txikitu eta erre ere egin dituztela azken asteetan Zumaian. “Ez ditugu horrelako ekintza eta jarrera bandalikoak onartuko gure herrian eta hauek ekidite aldera neurriak hartuko ditugu” azaldu dute Udaletik.   

Horiek horrela, Udalak, horrelako indarkeriazko ekintza eta jarrerak salatzen eta baztertzen jarraituko duela azaldu du. “Udaletik, bizikidetza lasai eta baketsu baten alde lan egiten jarraituko du, non errespetua izango den beti gure herriaren eta herritarren arteko elkarbizitzaren oinarria” azaldu du. Horretarako, zumaiar guztien laguntza eskatu du eremu publikoak eta ingurumena errespetatzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide