Uztailean, Flyscheko biotopo babestuaren barne dagoen Itzurungo hondartzako harrizko horman pintaketak egin zituzten. Eremu babestua denez, Udalak saiakera berezia egin du harrizko hormaren betiko izaera berreskuratzeko eta garbiketa produktuek horma ez kaltetzeko.
Gauzak horrela, Udala gustura agertu da eta garbiketa enpresak egindako lana txalotu du horma arrastorik gabe uzteaz gain, erabilitako produktuekin hormak kalterik ez jasatea lortu duelako.
Beste behin, Udalak, Zumaiako ingurumena, paisaia eta ondarea babesteko eta errespetatzeko deia luzatu du, elkarbizitzarako, errespetua ukaezinezko printzipioa izan behar duelako.
Desados “Kalea guztiona da” plataformaren deialdiarekin
“Kalea guztiona da” plataformak gaur arratsalderako deitu duen topaketarekin desados agertu da Udala. Erribera kalean maiz pintaketak egin dituzten hormaren parean antolatu dute hain justu festa. Horren harira, udaletik jakinarazi dute, batetik, horma hori jabego pribatukoa dela eta bestetik, udala jabeekin bildu dela gertutik beren iritziak ezagutzeko. “Jabeek ez dituzte begi onez ikusten pintaketak eta udalak herritar ororen interesen defentsan jardun behar du beti” gaineratu dute udaletik. Azken batean, administrazioen muina gizartearen elkarbizitzaren alde lan egin eta aurrera pausoak ematea da, eta beraz, herriak hautatutako udal gobernuari dagokio guztionak diren espazio publikoen erabilera egokia bermatzea, alderdi guztien nahiei erantzutea eta erabakiak hartzea.
Dena den, plataformak bertako horman muralik egin nahiko balu, proposamenak aztertu, jabegoarekin adostu eta jabeen eta plataformako kideen arteko zubi lanak egiteko prest azaldu da udal gobernua.