Mikel Zubeldia Etxeberria eta Izaskun Ruiz Ibarra zumaiarra dira Julene Azpeitiako saridunak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2016ko aza. 14a, 17:35

Julene Azpeitia 29. ipuin lehiaketak dagoeneko baditu saridunak. Mikel Zubeldia Etxeberria eta Izaskun Ruiz Ibarra zumaiarra izan dira ipuin lehiaketa honen aurtengo saridunak.

Ana Urkiza, Castillo Suarez eta Josu Waliñok osatutako epaimahaiak izendatu berri ditu, ipuin lehiaketaren aurtengo saridunak. Epaimahaiak 41 ipuinen artean onenak aukeratu ditu lehiaketaren 29. Edizio honetan. Lehiaketaren helburua herritarren artean literatur sorkuntza bultzatu eta indartzea izan da aurten ere.

Horiek horrela, Mikel Zubeldia Etxeberria donostiarra izan da lehen sariduna Goiz negu, bi negu ipuinarekin. Mikelek sarritan hartu du parte lehiaketa honetan; 2006, 2007 eta 2010ean ere lehenengo sariak eskuratu zituen.  Aurtengo ipuinaren ardatza parranda gau bat izan da, eta epaimahaiak ipuina kontatzeko modu berezia azpimarratu du, oso bizia, freskoa eta gaurkotasun handiko erreferentziaz betea izan dela azpimarratuta. 3000€ko saria jasoko ditu Mikelek.

Bigarren saria zumaiar bati dagokio, Izaskun Ruiz Ibarrari, hain zuzen. Izaskunek Sentitzen dut, baina ipuina aurkeztu du, zeinak gaurkotasun handiko gai bati erreferentzia eginez, errefuxiatuen ibilbidea kontatzen duen. Izaskunek 1500€ko saria jasoko du.

Julene Azpeitia lehiaketak hirugarren sari bat ere izaten du, Zumaiako onenaren saria, alegia. Aurten ordea, ez da sari zumaiarren saririk izango, Izaskun Ruiz bera izan baitzen hori irabazteko hautatua, baina, ipuinaren mailari erreparatuz, epaimahaiak sari honen ordez, bigarren saria ematea erabaki du.  

Sari banaketa ekitaldia Euskararen Astearen barruan egingo da,  abenduaren 1ean, ostegunean,  19:00etan, Alondegian. Lekord taldeak emanaldia eskainiko du eta herritar oro gonbidatuta dago bertan parte hartzera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide