Zumaiako Udalak bere esker ona adierazi du herriko aparkamendua antolatzeko aste honetan herritarrekin eta merkatari zein ostalariekin egindako bilerek izandako partaidetza altuagatik. “Guztiz eskertzekoa da aste honetako bileretan, zein aurretik egindako guztietan, zumaiarrek izan duten inplikazio, arreta eta parte hartzea, horri esker ezagutu ahal izan baititugu auzotar guztien kezka, proposamen eta iradokizunak” adierazi du alkateak, Oier Kortak.
Azken urteotan, bereziki uda sasoian, herrian aparkatzeko atzeman diren arazoak aintzat hartuta, gogor heldu dio Udalak aparkamenduaren egoera antolatu eta hobetzeari. Gaiak zumaiarren egunerokotasunean eragin zuzena duela kontuan izanik, prozesuari hasiera eman orduko ezinbestekotzat jo zuen herritarrekin bildu eta haien behar, iritzi eta proposamenak gertutik ezagutzea, herriaren zein herritarren egungo mugikortasun eta irisgarritasun beharrei egokitutako proiektua landu ahal izateko.
Horiek horrela, 2016ko irailean hasi eta urtarrila bitartean 8 bilera ireki egin ditu Udalak herritarrekin. Horiei esker, eremuz eremu Zumaiako auzo guztietako bizilagunekin bildu ahal izan du landutako proiektu proposamenaren berri eman eta haien iradokizunak jasotzeko. Guztira 300 lagun baina gehiago hurbildu dira aipatutako saioetara.
Datozen urratsen artean, zumaiar ororen ekarpenak aztertu eta herriko aparkamendua arautuko duen behin betiko ordenantza osatuko du. Horren harira, aipatutako ordenantza “bizirik dagoen dokumentu bat” izango dela adierazi du. “Gure lan ardatza zumaiarrak dira eta aparkamendua arautzeak haien egunerokotasunean eragin zuzena izango duela jakinik, herriaren eta herritarren beharrei erantzuteko moldatu ahal izango den dokumentu eta sistema ireki bat landu nahi izan dugu”, azaldu du Kortak. Ordenantza osatu bitartean, herritarrek mugikortasuna@zumaia.eus helbide elektronikora bidali ahal izango dituzte haien ekarpenak.
Sistema berria ekainean (hondartza denboraldiaren irekierarekin batera) jarri nahi du martxan Udalak. Lehenik eta behin Zubitxikitik alde zaharrera doan eremuan ezarriko du eta horretarako martxorako osatuko ditu esleipena egin ahal izateko baldintza pleguak. Halaber, 2018rako sistema hori herri osoan martxan izatea aurreikusten du.
Albiste osoa irakurgai HEMEN