Supermerkatu berrian lan egiteko curriculumak ostegunean jasoko dira Enplegu bulegoan

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko mar. 10a, 15:27

Dagoeneko jakina da herri mailan, datozen hilabeteotan supermerkatu berri bat zabalduko dela Ardantzabide auzoan. Irekiera horrek, noski, lanpostu berriak sortuko ditu eta herriko enplegua sustatzea izanik Udalaren lehentasun eta ardatz nagusia, supermerkatuko arduradunekin bildu da lan aukera hori zumaiarrengana hurbildu eta hautespen prozesua Zumaiako Enplegu Zentrotik bideratzeko.

Horiek horrela, datorren ostegunean, hilak 16, Enplegu Zentroaren irekiera eguna aprobetxatuz (hileko hirugarren osteguna, alegia) interesa duten zumaiarrek zein inguruko herrietako biztanleek, bertan entregatu ahal izango diete Udal Elkarteko teknikariei  haien curriculuma.

Eskaintzen diren lanpostuen ezaugarriei dagokionez, Udalak jakinarazi du egunean bertan egongo direla ikusgai bulegoko paneletan postu bakoitzeko oinarri eta irizpide zehatzak.

Behin curriculum guztiak jasotzean, teknikariek supermerkatuko arduradunei bideratuko dizkiete jasotako lan eskaerak. Orduz geroztik azken horiek jarriko dira hautagaiekin harremanetan Enplegu Zentroan egingo diren lan elkarrizketen eguna eta ordua finkatzeko.

Ekimen horren bitartez Udalaren helburua da herriko enplegua bultzatu eta indartzea horretarako dituen baliabideak herritarren eskura jarriz  eta zumaiarrei lan aukera berriak eskainiz.

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide