Ardantzabiden zabalduko den supermerkatuan lan egiteko elkarrizketak ostegunean bertan egingo dira

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko mar. 14a, 15:16

Ostegunean bertan curriculumak jasotzeaz gain, eta hautespen prozesua arintze aldera, lan elkarrizketak ere egingo direla jakinarazi nahi du Udalak. Guztira, 10 lanpostu berri inguru eskainiko dira kutxazain, apal-betetzaile eta arrain zein haragi saltzaile moduan. Curriculumak jasotzea eta elkarrizketak Enplegu Bulegoan egingo dira.

 

Datorren ostegunean, hilak 16, Enplegu Zentroaren irekiera eguna aprobetxatuz, datozen hilabeteotan Ardantzabiden zabalduko den supermerkatu berrian lan egiteko interesa dutenen curriculumak jasoko dira Enplegu Zentroan, Beheko plazako Jubilatuen egoitzaren lehen solairuan.

Horren harira, curriculumak jasotzeaz gain, enpresa arduradunak, hautespen prozesua arintze aldera, lan elkarrizketak egunean bertan egingo dituela jakinarazi nahi du Udalak.  Eskaintzen diren lanpostuen artean kutxazain, apal-betetzaile eta arrain zein haragi saltzaile lanak betetzeko pertsonala kontratatuko du enpresak. Guztira 10 lanpostu berri inguru izango dira.

Horiek horrela, ostegunean, goizeko 09:00etatik 13:00etara, interesa duen orok Enplegu Zentroan bertan entregatu ahal izango diete hautespen prozesuko arduradunei haien curriculuma. Ondoren, eskaintzen diren lanpostuen ezaugarri eta irizpide zehatzei erreparatuz haiek baloratuko dute nor elkarrizketatu.

Dena den, Udalak jakinarazi du egunean bertan egongo direla ikusgai bulegoko paneletan postu bakoitzeko oinarri eta irizpideak. Ildo horretatik, arrain zein haragi saltzaile postuak betetzeko, enpresa arduradunak lan esperientzia eskatuko duela aurreratu du, ez, ordea, kutxazain edo apal-betetzaile gisa lan egiteko.

Ekimen horren bitartez Udalaren helburua da herriko enplegua bultzatu eta indartzea horretarako dituen baliabideak herritarren eskura jarriz  eta zumaiarrei lan aukera berriak eskainiz. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide