Era berean, azken denboraldian, gure herrian ez ezik, inguruko udalerrietan egin diren pintaden inguruan ere bere desadostasuna adierazi du Udalak. Izan ere, asteburu honetan Zumaian egindako pintaketak, ez dira soilik herri mailara mugatu; Hernaniko frontoian, Añorgako futbol zelaian eta Antiguoko auzoan ere agertu dira eta Pasaian, adibidez, pankarta bat jarri dute.
“Garai berriek jarrera berriak eskatzen dituzte; pintaketa eta hiri-altzarien aurkako erasoak atzean utzi genituela uste genuen, baina zoritxarrez, horrelako ekintzekin, aurrera pausoak eman ordez, denboraren makinan sartu eta beste garai batzuetara itzultzen ari garela dirudi. Asteburu honetako ekintza eta jokabideak atzean uzteko garaia dugu elkarbizitza oztopatzen dutelako, eremu publikoan egindako pintaketek herritar guztiengan baitute eragina” adierazi dute udal ordezkariek.
Hori dela eta, herria guztiona dela gogorarazi du Udalak eta beharrezkoa dela guztionak diren eremu publiko eta pribatuak, hiri-altzariak zein herri ondarea zaintzea eta errespetatzea, herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko.
“Jakina da herri batean askotariko iritzi eta pentsamoldeak daudela eta zentzu horretan, hasieratik esan dugu, horien guztien adierazpen askatasuna bermatzea dela gure nahia, baina horretarako ere, elkarbizitza eta bizikidetzarekin batera, errespetuak izan beharko luke ukaezineko oinarri eta printzipioa” adierazi dute udal ordezkariek.