Gaur zabalduko da San Jose auzoko igogailu proposamenak bozkatzeko epea

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko api. 13a, 09:37

Eusebio Gurrutxaga eta San Juan egoitza artean igogailua jartzeko bidean aurrerapausoak ematen jarraitzen du Udalak. Urteamaieran horretarako ezinbestekoa zen lursaila erosi ostean, urtarrilean arkitektoei zuzendutako ideia lehiaketa zabaldu zuen. Guztira 13 diseinu ezberdin jaso ditu eta udal ordezkari politiko eta teknikoez osatutako epaimahaiak, proiektuen kalitate arkitektonikoa eta horiek herritarren beharretara egokitzeko edo hirigunean integratzeko duten gaitasuna aintzat hartuz, proposamen horietatik bost hoberenak aukeratu ditu herritarrei aurkezteko.

Horiek horrela, aipatutako diseinuak ikusgai egongo dira ostegunetik aurrera Beheko plazako zaharren egoitzako jatetxean. Apirilaren 13tik maiatzaren 2a bitartean, zumaiarrek egoitzan bertan edo webgune bitartez bozkatu ahal izango dute gustukoen duten aukera. Herritar bakoitzak boto bat eman ahal izango du eta webgunean nahiz egoitzan bozkatzeko ezinbestekoa izango da norberaren NANa aurkeztea. Ildo horretatik, aste santu ostean Hogarrean bertan herritarrekin bilera irekia egingo duela jakinarazi du Udalak, proposamen bakoitzaren nondik norakoak azaldu eta horien inguruko zalantzak argitzeko (aurrerago jakinaraziko da bileraren eguna eta ordua).

Behin parte-hartze prozesua amaituta, epaimahaiak aurrez emandako puntuazioari gehituko zaizkio herritarren botoak eta puntu gehien lortzen dituen diseinua izango da irabazlea eta horrenbestez, aurrera eramango den proiektua. Ekimen horren bitartez Udalak helburu du herritarrak prozesuan inplikatzea eta haien laguntzarekin guztien beharretara egokitutako proiektu aproposenagaratu eta gauzatzea.

Webgunean bozkatu ahal izateko esteka hemen duzue. 

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide