Alde batetik, eskerrak eman dizkie herriko eragile eta elkarteei festen antolakuntzan egindako lana eta inplikazioagatik. “Ekintza egitaraua ilusioz eta esfortzuz beteriko lanaren emaitza izan da eta aurtengo programak herritarren artean izan duen harrera ona, lan eta esfortzu horren isla izan dira”, azaldu du Udalak.
Bestalde, herritarren parte-hartze aktiboa ere azpimarratu du. “Festak ez dira festa herritarren parte-hartzerik gabe eta bide horretatik, zumaiarren inplikazioa guztiz eskertzekoa da, ekitaldi guztiak jendetsuak izan baitira”, gehitu du Udalak.
Izan ere, aurtengo santelmoetan eguraldia lagun izan da eta bigarren asteburu honetan kaxkarragoa izan bada ere, zumaiarrek jai giroan murgilduta jarraitu dute herriko festez gozatzen. Gainera, aurten, festen amaiera maiatzeko zubiarekin elkartu da eta horri esker, bisitari ugari ere etorri dira Zumaiara herriko festez gozatzera. Santelmoen agurra eta banderaren jaitsierako ekitaldia, esaterako, inoiz baino jendetsuagoa izan dela adierazi du Udalak.
Prebentzio arloari dagokionez, udaltzainek 24 orduz lan egin dute festen bi asteburuetan eta orokorrean, haiek ere balorazio positiboa egin dute. Ildo beretik, aurten, Udalak, AiLaket elkartearekin elkarlanean, Botiltzarra programa landu du gazte eta nerabeen artean, baina, lanketa horretaz haratago, herriko zenbait tabernarik bat egin dute bereziki adingabekoei zuzendutako prebentzio neurriekin eta haien lokalen sarreretan pertsonala jarri dute. Horiei guztiei ere, eskerrik beroenak eman dizkie Udalak.
“Santelmoak festa herrikoiak dira eta zumaiarrok, guztiok batera, giro onean, errespetuan eta berdintasunean gozatu ditugu aurten ere festa kuttun hauek”, azaldu du Udalak. “Hori esanda, aipa dezakegu aurtengo festak arrakastatsuak izan direla bai parte-hartze eta bai giro aldetik eta horregatik, berriro ere, eskerrik beroenak ematen dizkizue Udalak parte hartu duzuen guztioi”, amaitu du.