Turismo teknikari laguntzaile bat kontratatuko du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko eka. 8a, 14:19

Turismo teknikari laguntzailea kontratatzeko prozesua Lanbideren bitartez egingo da, eta interesdunek bertan aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak eta curriculumak ekainaren 14a arte. Lan kontratua bi hilabetekoa izango da, uztailaren 1etik abuztuaren 31a arte, eta lanaldia, aldiz, %90ekoa. 

Uda sasoiari begira Zumaiako eta turismo bulegoko pertsonala indartzeko helburuarekin, turismo laguntzaile posturako prozesua jarri du martxan Udalak.

Lan-eskaintza Lanbideren webgunean egongo da eskuragarri eta interesdunek hilaren 14a arte izango dute haien eskaerak egin eta curriculumak aurkezteko. Behin horiek guztiak jaso ostean, Lanbidek Udalera bideratuko du baldintzak betetzen dituzten hautagaien dokumentazioa eta hortik aurrera Udalak berak zuzenduko du hautaketa prozesua. 

Lanpostua aldi baterakoa izango da, zehazki uztailaren 1etik abuztuaren 31a artekoa eta lanaldia, aldiz, %90ekoa. Langileak bete beharreko funtzio nagusiena herriko turismo eta kultura eskaintza eta gainerako eremu eta zerbitzuei buruzko informazioa ematea izango da. Horrez gain, inguruko herrien eta Euskadiko informazioa emango du eta bisita gidatuen erreserbak egiteaz arduratuko da, beste hainbat zereginen artean. 

Hautagaiek betebeharreko baldintzak

- Batxilergoa edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketa izatea

- Hizkuntzak:

  • Euskara: 3. HE edo baliokidea den titulua
  • Frantsesa: DELF B1 edo baliokidea den titulua
  • Ingelesa: First Certificate edo baliokidea den titulua

Horrez gain, hautagai bakoitzak aurkeztutako honako merituak ere aintzat hartu eta baloratuko dira:

- Ikasketa edo ikastaroak:

  • Turismo diplomatura izatea
  • Informatika arloan ezagutzak izatea

- Hizkuntzak: gero eta hizkuntza gehiago eta maila altuagoa izan, puntu gehiago lortu ahal izango ditu

- Lan esperientzia: herri administrazioan edo erakunde pribatuetan, deialdi honen xede den lanpostuaren ardurekin zerikusia duten lan esperientziak baloratuko dira.

Dokumentazioaz haratago, elkarrizketa pertsonala ere egingo zaie epaimahaiak erabakitzen duen hautagai kopuruari. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide