Izan ere, hilaren 12tik 17ra bitartean, 100€ko balioa izango duten 10 bono zozketatuko dira Elkarteko saltoki zein tabernetan gastatzeko. Gainera, hori gutxi balitz, Elkarteko Facebook-aren bitartez ere beste ezusteko zozketa bat egingo da astean zehar.
Halaber, hilaren 17, Gau Zuria ospatuko da. Horren baitan, arratsaldean, 16:30etik aurrera hainbat karpa jarriko dira Erribera kalean eta bertan, elkarteko kide diren dendek euren produktuak jarriko dituzte salgai, eskaintza berezi edota deskontuekin. Egun hori beraz, erosketak egiteko aukera bikaina izango da herritarrentzat. Gainera, karpak zein dendak zabalik egongo dira gaueko 22:00ak arte. Era berean, 20:00etatik 22:00ak arte, kalea musikaz girotuta egongo da Pj Kahuna eta Sara Grajal-en emanaldiarekin.
Eta Gau Zuriari zein Merkataritzaren Asteari amaiera borobila emateko, gaueko 23:00etan Low Riders taldeak kontzertua eskainiko du Amaia plazan.
Merkataritzaren astea Udalak eta Merkatari zein Ostalari Elkarteak antolatu dute elkarlanean, tokiko merkataritza indartu eta honi bultzada bat emateko xedez. Horren harira, salgai jarri zituzten maiatzaren 30ean merkataritza sustatzeko bonoak (40€ ordainduta 50€ko balioa duten bonoak, hain zuzen) eta dagoeneko guztiak agortu dira. Ildo horretatik, horiek gastatzeko azken eguna hilaren 17a izango dela gogorarazi dute Udalak zein Elkarteak. Amaitzeko eskerrak ematen dizkie herritarrei eta datorren asteari begira guztiak animatzen ditu ospakizun berezi honetan parte hartu eta bertako produktuez gozatzera.