Erribera kalea oinezkoentzako gunea izango da ostegunetik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko eka. 12a, 15:03

Ostegunean jarriko da indarrean aparkamendu antolaketa sistema eta horrekin batera, Udalak Erribera kalea oinezko gune egiteko aprobetxatu du.

Aurrerantzean, ordutegi baten baitan, zamalanetarako ibilgailuek soilik izango dute bertara sartzeko aukera. Erribera kalean, astelehenetik larunbatera goizeko 8:00etatik 12:00ak bitartean sartu ahal izango dira eta Eusebio Gurrutxaga plazan, aldiz, 9:00etatik 12:30ak bitartean.

Ordutegi horretatik kanpo, kalea itxita egongo da ibilgailuentzat eta bizikleta eta patinek galtzadatik edo horretarako prestatutako guneetatik ibili beharko dute.

Halaber, eremu horretan enkarguak egin nahi dituztenek, errotazio altuko guneetan, hau da, Txomin Agirre kaian, aparkatu ahal izango dute gehienez 90 minutuz. Ibilgailua Zumaian erroldatuta dutenentzat aparkamendua doakoa izango da baina beharrezkoa izango da tiketa makinan inprimatzea.

Neurri horrekin Udalak helburu du ibilgailuaren gainetik oinezkoak lehenestea eta mugikortasun ohitura osasuntsuak sustatze aldera, oinezkoentzako espazioak berreskuratzea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide