Bizikleta Egunaren II. edizioa egingo da larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko eka. 13a, 16:55

Datorren larunbatean, hilak 17, Bizikleta Egunaren II. edizioa egingo da Zumaian, eta horren harira, Udalak, herriko hainbat eragileekin elkarlanean, egitarau zabala antolatu du. Besteak beste, txirrindulari probak, mendi bizikleta irteera, cycling saioak eta paella dastaketa antolatu dira. 

Bizikleta egunaren epizentroa Beheko Plazan egongo da kokatua. 09:00etan 12 urtetik gorakoek Elorriagara mendi bizikleta irteera egiteko aukera izango dute Sastrakas taldearekin batera. Edozein motatako bizikletarekin parte har daitekeela aurreratu dute Sastrakaseko kideek, baina haiek erabakiko dute adin, maila eta txirrinduaren arabera, zein ibilbide egokitzen zaion hobeto parte hartzaile bakoitzari. Halaber, txirrindulari guztien segurtasuna bermatze aldera, hainbat gomendio eta baldintza helarazi dituzte:

  1. - Txirrinduaren oinarrizko mantenua aurrez egitea.
  2. - Gurpilak puztea.
  3. - Frenoak errebisatzea.
  4. - Manilarraren ertzetako tapoiak jarrita izatea eta horrela ez bada botila kortxoak jartzea.
  5. - Kaskoa eramatea (ezinbestekoa) eta hori ondo jartzea.
  6. - Eskularruak eramatea (gomendagarria).

Egitarauarekin aurrera eginez, aurten, berrikuntza gisa, Cycling-eko bi saio eskainiko dira, 09:15etan lehena eta 10:15etan, aldiz, bigarrena. Saio horiek 16 urtetik gorakoentzako izango dira eta izen ematea aurrez egin beharko da kiroldegian.

Halaber, 10:00etatik aurrera ginkana ezberdinak egingo dira eta ordu berean, haurrek (2007-2008an jaiotakoek) Zumaia zeharkatuko dute bizikletan.

11:30etan, parte hartzaile guztiek hamaiketakoa izango dute eta 12:00etan aldiz, Eskola Bideen proiektuaren baitan definitutako bi ikastetxeetara doazen ibilbideak ezagutu ahal izango dituzte haurrek, geltokiak non dauden ikusi eta bidea markatu, hain zuzen. Ondoren, goizeko ekintzekin amaitzeko, 14:00etan, paella dastaketa egonda da.

Horrez gain, bai goizez zein arratsaldez, 10:00-14:00 eta 16:00-19:00ko ordutegian, bizikleta elektrikoak probatzeko aukera ere izango dute zumaiarrek.

Bazkal ostean, 16:30ean, txirrindulari probak ospatuko dira Axular ibiltokian eta 17:30ean, aldiz, ginkana eta era askotariko jokoak egingo dira. Egunari amaiera emateko, 19:30ean bizikleta saltoen ikuskizuna egongo da, hau ere, Beheko plazan.

Ekimen honen bitartez, iaz bezala, Udalak helburu du herritarren artean ohitura osasuntsuak bultzatu eta sustatzea, mugikortasun aktibo eta jasangarria indartuz. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide