Zumaiarren ongizatea eta haiei egokitutako herria eraikitzea izan dira udal gobernuaren lehentasunak legealdiko lehen bi urteetan

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko eka. 16a, 15:03

Udal soberakina hirukoiztu izana kudeaketa onaren adierazle gisa azpimarratu du gobernuak, baita legealdi erdirako hauteskunde programan jasotako hainbat proiektu gauzatu eta beste asko martxan jarri izana ere. Era berean, etorkizunera begira, gardentasunez, gertutasunez eta eraginkortasunez, modu berean lanean jarraitzeko konpromisoa azaldu du, herritarrekin elkarlanean, aukera berriak eskaini eta haien beharretara egokitutako Zumaia eraikitzeko.

Jada bi urte igaro dira udal hauteskundeetan Zumaiak bere aldaketa nahia azaldu zuenetik eta orduz geroztik herritarren behar eta eskariei erantzuna ematea izan da EAJ-PNVren udal gobernuaren helburu nagusia. “Intentsitate handiko bi urte izan dira, baina oso pozik gaude azken bi urteotan egindako lanarekin. Esfortzu, ilusio eta dedikazioz beteriko jardunari esker hauteskunde programan jasoak genituen hainbat eta hainbat proiektu abian jarri ditugu, guztiak helburu berarekin: zumaiarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzea eta herri erosoagoa, atseginagoa, irisgarriagoa eta herritarrei egokitutakoa eraikitzea, hain zuzen”, adierazi du gobernu taldeak.

Kudeaketa onaren bidea jorratzen

Udalera sartu orduko, egoera txukundu eta hobetzeari ekin zion gobernu taldeak: iraungitako udal kontratuak eguneratu, hainbat zerbitzu berriro ere zuzenean Udaletik kudeatu… Orain, kudeaketa zorrotz horren emaitzak jaso ditu: “Egia da udal egoeraren eguneraketak denbora eta lan handia eman digula baina horri esker, gaur egun, udal soberakina hirukoiztea baina gehiago lortu dugu eta horrek, datozen bi urteotan, Zumaia eta zumaiarrentzat onuragarriak izango diren beste hainbat proiektu garatzea ahalbidetuko digu”, gehitu dute gobernu kideek.

Parte-hartzearen legealdia

Halaber, bi urteotan herritarrengandik gertu lan egin izana azpimarratu du gobernuak: “herritarrak dira gure jardunaren ardatz nagusia eta horregatik, zumaiarrak udal erabaki zein proiektuetan inplikatu nahi ditugu, proiektuen eta ekimenen parte eginez. Azken finean, guztion beharrei egokitutako herria eraiki nahi dugu eta horretarako ezinbestekoa da gure biztanleen iritzi zein proposamenak ezagutzea”, azaldu dute gobernu kideek. Ildo horretatik, zumaiarrekin egindako parte hartze prozesuak ekarri dituzte gogora, besteak beste, Plan Estrategikoarena, aparkamenduaren erregulazioarena, aurrekontu parte-hartzaileena, San Jose igogailuarena, berriki abian jarritako Turismo Planaren garapenarena,…

Zumaiaren beharretara egokitutako herria eraikitzen

Gobernuaren helburu nagusia da, hartutako konpromisoak beteaz, herritarrei aukera berriak eskaintzea eta haien beharretara egokitutako herri atseginagoa, erosoagoa eta irisgarriagoa eraikitzea.

Ildo horretatik, enplegua eta tokiko ekonomiaren sustapena izan da udal gobernuaren legealdiko ardatz nagusietako bat eta horri erreparatuz tokiko merkatari eta enpresekin elkarlan publiko pribatua bultzatu, herritarren laneratzea sustatzeko urteko kontu saila eta lan aukerak hobetzeko programa sortu, Enplegu Zentroa zabaldu edota Turismo Plana jarri ditu martxan, besteak beste. 

Gizarte ongizate arloari dagokionean, pertsonen ongizatea bermatu eta sustatzeko aurrera eraman dituzte: prebentzio programak (Botiltzarra), zahartze aktiborako programa eta ekimenak (Nagusien Mahaia, gimnasia makinak Marianton parkean), haur parkeetan hobekuntzak… Halaber, Gizarte Zerbitzuetako pertsonala indartu, etxe etxeko zerbitzuaren kostua jaitsi, festetan udaltzaingo zerbitzua 24 ordutara zabaldu, kiroldegiko azpiegiturak hobetzeko aurre-proiektua egin edota zabor bilketa sistema mankomunatua adostu ditu gobernuak.

Eta noski, herritarren beharrei egokitutako herria eraikitzeko hainbat lan burutu eta jarri dituzte martxan, horien artean: Axular eta P. Etxezarretaren bulebarizazioa, San Jose auzoko igogailua, Jadarreko hormaren egokitzapena,  Itzurungo kantinaren hobekuntza, aparkamendua erregulatzeko ordenantza, Oikiako autobus geralekuaren lekualdaketa, garbiketa ordenantza, Beheko plaza eta Zuloaga parkearen arteko urbanizazioa… Horrez gain, bi inbertsio garrantzitsu ere lortu ditu gobernu taldeak: Estatuko Kostetako Zuzendaritza Nagusitik bata, Santiago hondartzaren azpiegiturak hobetzeko eta Eusko Jaurlaritzatik bestea, kai muturra konpontzeko. 

Amaitzeko, gobernu taldeak azpimarratu du adostasunean, gardentasunean, elkarlanean eta kudeaketa onean oinarritutako lan egiteko moduari helduz, herritarrekin hartutako konpromisoak betetze aldera gogor lan egiten jarraituko duela, herritarrei aukera berriak eskaintzeko eta etorkizuna herritarrekin elkarlanean eraikitzen jarraitzeko. “Orain arte emandako hitza betetzen ari gara eta datozen bi urteetan konpromisoz, erantzukizunez, eraginkortasunez, gardentasunez eta bereziki herritarrengandik gertu egonda lan eginez, proiektu berriak aurrera eramaten jarraituko dugu”, amaitu du gobernu taldeak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide