Axular bulebarizatzeko lanak uztailaren 3an hasiko dira

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko eka. 26a, 10:16

Datorren astelehenean jarriko dira martxan Axular ibiltokia eta Patxita Etxezarreta eremua bulebarizatzeko lanak, baita Jadarreko horma berreraikitzeko obrak ere. Guztiek bi hilabete inguru iraungo dute eta ikastetxea itxita dagoela aprobetxatuz, Udalak uda sasoian heldu nahi izan die lanei.

“Bi obrek aldaketa garrantzitsuak eragingo dituzte eremuan, baina bien bitartean, bertakoen segurtasuna bermatzearren, ikastetxea itxita dagoen garaian egitea iruditu zaigu egokiena, ez baitira haurrak bertatik pasatzen ibiliko”, azaldu du Udalak.

Axularren bulebarizazioa udal gobernuaren hauteskunde programan jasotako proiektua da eta helburu du herritarren mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzea eta bereziki bertatik pasatzen diren oinezko zein haurren segurtasuna bermatzea. “Gaur egun, Axular ibiltokian espaloiak oso estuak dira. Gainera bertan dago kokatuta Maria eta Jose ikastetxea eta ondorioz, herritar eta haur asko pasatzen dira egunero kale honetatik”, azaldu dute Udaletik.

Hori dela eta, ibilgailuaren gainetik oinezkoak lehenestea eta haientzat espazioak berreskuratzea du xede Udalak. Hori betetze aldera, espaloiak zabaldu eta errepidea estutuko ditu. Horrela oinezkoek espazioa irabazteaz gain, ibilgailuen abiadura murriztea ere lortuko du. “Aldaketa horiek, bertako irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeaz gain, oinezkoen erosotasuna eta segurtasuna areagotuko ditu, herritarrek leku gehiago izango baitute bertatik pasa ahal izateko. Eta gainera, eskola bide seguruagoak eraikitzen ere lagunduko digu, haurrek espazio zabalagoa izango baitute eskolara iristeko”.

Halaber, mugikortasun ohitura osasuntsu eta jasangarriak sustatu eta  ikastetxera autoz egiten diren desplazamenduak gutxitze aldera, bidegorri berria eraiki eta dagoenari jarraipena emango zaio, Txomin Agirre, Zuloaga plaza, Erribera eta Axular kaleko bidegorri sarea elkar lotuz. Ildo beretik, 45 aparkaleku berri ere jarriko dira. Guztira 93.830,46 € (+ BEZ) bideratuko ditu aipatutako eremua egokitzera.

Obra horrek Axular ibiltokia guztiz eraldatuko duenez, lanek irauten duten bitartean trafiko aldaketak ekarriko ditu. Ildo horretatik herriko sarrera/irteera hori itxi eta ibilgailuak Patxita Etxezarretara desbideratuko dituela aurreratu du Udalak.

Jadarreko hormaren berreraiketa

Axular ibiltokiko obra aprobetxatuz, Jadarreko horma berreraikitzeko lanei ere ekingo dio Udalak datorren hilaren 3an. Horma hori 2011n eraiki zen lehen aldiz baina 2015ean eraitsi behar izan zen gaizki eraikita zegoelako. Oraingoan, berriro helduko dio Udalak eraikitze lanei. Obrak 8 aste iraungo du eta  guztira 216.000€-ko (+ BEZ) kostua izango du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide