Txu-txu trenak herriko kaleak zeharkatuko ditu bihartik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko eka. 30a, 13:59

Argazkia: zumaia.eus

Uda sasoia aurrera doa eta uztailari hasiera emateko, udako trena edo guztiontzat ezagunagoa den “tren txu-txua” jarriko du martxan larunbatean Udalak.

Tren zerbitzu hori iaz berreskuratu zuen eta helburu du zumaiarren zein bisitarien mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzea herrian zehar. Horiek horrela, Udaletik azaldu dute zerbitzu hori ezinduentzat eta mugikortasun urriko pertsonentzat ere egokituta dagoela, esan bezala, guztien mugikortasun zein irisgarritasuna bermatzeko.

Txu-txuak Zumaiako kaleak zeharkatuko ditu, astelehenetik igandera, 11:00-14:00 eta 17:00-20:00 ordutegian. Guztira 4 geldiune izango dituen ibilbidea egingo du: Aitzuri pilotalekutik aterako da eta jarraian, Urola Enparantzan, Arbustainen (autobusak biratzen duen lekuan) eta Txomin Agirreko autobus geltokian egingo ditu geldiuneak. Bertatik berriro Aitzurira itzuliko da.

Aurten, udako txalupa zerbitzuarekin egin bezala, herrian autoz egiten diren desplazamenduak gutxitu eta, bide batez, erdiguneko  trafiko gaindosia saihesteko ere, Udalak zerbitzuaren maiztasuna areagotu du. Horiek horrela, joan etorriak ordu erdiro egingo dira.

Alde batetik bestera trenean mugitu ahal izateko sarrerak aurretik erosi beharko dira. Horien prezioa 0´50 eurokoa izango da eta 12 urtetik beherako haurrek eta 65 urtetik gorako pertsonek doan ibiltzeko aukera izango dute. Sarrerak Aitzuri pilotalekuko tabernan (uztailaren 3tik 17ra itxita oporraldiagatik), turismo bulegoan, Agurtzane okindegian eta Maiaurren egongo dira salgai, baita abuztuan Amaia plazan irekitzen den informazio puntuan ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide