Turistek euskararekiko duten pertzepzioa ezagutu nahi du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko uzt. 5a, 08:46

Azken urteotan turismoaren gorakada errealitate bilakatu da Euskal Herrian eta igoera horri Zumaian ere antzeman diote. Horren harira, Zumaiako balio eta baliabideak bermatuko dituen turismo eredua oinarri hartuta, Turismo Plana garatzen ari da Zumaiako Udala, gure ondarea, hizkuntza eta kultura nabarmenduko dituena, hain zuzen.

Ildo horretatik, herritarren parte hartzea sustatzeko eta haien iritzi eta ekarpenak ezagutzeko galdetegi bat egin duen bezala, oraingoan, turistei zuzendutako inkesta bat garatu du. Zumaiako Udalak herriko ostalaritza alojamenduetan, Algorri Interpretazio Zentroan eta Geoparkeko bisita gidatuetako txalupetan banatu du galdetegia, bertatik pasatzen diren bisitariek bete dezaten.

Galdetegiaren helburua da turistek euskararekiko duten interesa ezagutzea, baita bisitaldian gure hizkuntzarekin izandako hartu-eman edo esperientziaren berri jasotzea ere. Zumaia Euskal Herriko eskualderik euskaldunenean kokatuta dago eta azken urteetan, euskararen ezagutzak eta erabilerak ere gora egin dute erabat. Eta badirudi kanpotarrek ere nabarmendu dutela hori; gaur egun lagun asko eta asko dira turismo bulegoan gure hizkuntzarekiko interesa agertzen dutenak. “Guk jakin badakigu euskara dela gure altxor preziatuenetako bat, baina inkesta horrek, turistek gure hizkuntzarekiko duten pertzepzioa eta euskarari ematen dioten balorea ere ezagutzen lagunduko digu”, adierazi dute Udaletik.

Udalak adierazi moduan, emaitzak baliagarriak izango dira etorkizunera begira bisitarien artean euskara bultzatu eta hizkuntzari zabalkundea emateko ekimen edo ekintza desberdinak proposatu, landu eta garatzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide