Urtebete luze egin du dagoeneko Kalea Guztiona Da mugimenduak, aurrez inolako baimenik edo kontsultarik egin gabe, herriko kale eta espazio publikoak, guztionak direnak, alegia, haien ekimen eta ekitaldi propioetarako erabiltzen dituztenetik.
Jarrera edo jokabide horrek, ordea, zumaiarren arteko elkarbizitza eta espazio publikoaren antolaketa oztopatzen ditu. Zumaia herri bizia da, elkarte asko ditu eta astebururo ekitaldi ugari eramaten dituzte guztiek aurrera. Hori horrela izanik, espazio publikoa antolatu beharra dago eta zentzu horretan, Udalari dagokio lan hori egitea.
Oraingoan, ordea, gaia urrats bat haratago joan da eta Kalea Guztiona Da-k Udalaren ikurra erabili du, ohikoa duen bezala, espazio publikoan inolako baimenik eskatu gabe antolatutako ekitaldi bat iragarri eta Udala horren babesle gisa irudikatzeko. Udala herritar guztien etxea da, beraz, Udalaren ikurrak herritar guztiak ordezkatzen ditu.
Egoera horren aurrean, Udalak, kartel oro kentzeko agindua eman zion Udaltzaingoari, ulertuta, noski, Kalea Guztiona Da mugimenduak ikur hori erabiltzeko baimenik ez zuela. Baina erabilpen hortaz haratago, Udalari are larriagoa iruditzen zaio mugimenduak baimenik ez eskatzeko hartu duen joera hori, bai espazio publikoak okupatzeko, bai Erribera kaleko pareta pribatua margotzeko eta baita, azken kasu honetan, Udalaren eta herriaren irudiaz baimenik gabe baliatzeko.
Kalea guztiona den oinarri horretatik abiatuta, guztion arteko elkarbizitza eta espazio publikoaren antolakuntza bermatze aldera, gainerako herritar, elkarte edo eragile guztiek haien ekintzen berri ematen duten bezala, Kalea Guztiona Da mugimenduak ere gauza bera egin beharko luke.
Ildo horretatik, beste behin errespetuz jokatzea eskatu dio Udalak Kalea Guztiona Da mugimenduari. Udalak sarritan egiten du bat mugimenduaren aldarrikapenekin eta hori horrela izanik, prest dago haiek antolatutako ekintza eta ekitaldiak lagundu eta babesteko, baina, horretarako, gainerako zumaiarrek egin ohi duten bezala, ohiko prozedurak jarraitzea eskatzen du. Udalaren laguntza nahi badute edota Udalaren izenaz baliatu nahi badute, zabalik dituzte udaletxeko ateak, proposamenak entzun, jaso eta aztertzeko prest.