Aurrera pausoen baitan, auditoretza horretako emaitzak aintzat hartuta, Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Erakundeak (IDAE) eskaintzen dituen laguntza deialdira atxiki zen. Erakunde horrek, hain zuzen, Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren bitartez, herriko argiteria berritu eta hobetzeko interesik gabeko mailegua eskaintzen du.
Ildo horretatik, Udalak garatutako eskaerari esker, mailegua onartua izan da eta horrenbestez, 500.000€ jasoko ditu auditoretzan identifikatutako hobekuntzak aurrera eramateko.
Horien artean, herriko sare elektrikoan hobekuntzak egin, hainbat argi doitu eta erregulatu eta beste asko LED edo beste teknologia berritzaileenengatik ordezkatuko ditu. Era berean, aldaketa horien bitartez herrian antzemandako puntu beltzei erantzuna ematea lehenetsiko du Udalak, herritar guztien segurtasuna eta ongizatea hobetu eta bermatze aldera.
Maileguari dagokionez, inolako interesik gabe 10 urteko epea izango du hori itzultzeko. Ildo horretan garatutako plangintzari jarraiki, diru laguntza lehen sei urteetan amortizatzea aurreikusi du Udalak.
Aldaketa horiek guztiek helburu dute, herriko energia kontsumoa murrizteaz gain, energia eraginkortasuna bultzatzea, baita, bide batez, ingurumenari eragindako kalteak gutxitzea ere. Bide horretan, aldaketei esker, urteko aurrezki garrantzitsu bat lortuko da eta horren harira, mailegua itzuli ostean, aldaketa guztiek eragindako aurrezkiak Zumaia hobetzen jarraitzeko ekimenetara bideratuko dituela iragarri du Udalak, modu honetara, herritarren beharrei egokitutako udalerria eraikitzeko.