Baserritarrekin bilera lehen sektorea bultzatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko abu. 4a, 14:43

Joan den asteazkenean, abuztuak 2, Zumaiako Udala, Oier Korta alkatea buru zela, lehen sektoreko 18 pertsona ingururekin bildu zen Alondegian egin zen bilera irekian. Bilera honek helburu zuen URKOMEk egindako txostena azaltzea, baita baserritarrei entzutea ere.

URKOMEk egindako txostenak, Zumaiako lehen sektorearen egungo egoera aztertzen du eta azterketa hori oinarri hartuta ekintza plan bat zehazten du. Ekintza plan horretan agente desberdinek hartu beharko dute parte, Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Lehen Sektorea, URKOME, dendariak… Zumaiako Udalak bereziki garrantzitsua ikusten du baserritarren eta udalaren arteko harremana indartzea eta elkarlana sustatzea eta horrelako bilerak bide horretan kokatzen ditu.

URKOMEk bere txostena egiteko baserritar/ekoizle ugarirekin egin ditu elkarrizketak, beraien errealitatea eta egoera ezagutu, aztertu eta hobetzeko helburuarekin. Zumaian 51 baserri/ekoizle identifikatu dira, horietatik 45 Zumaiakoak eta 6 kanpokoak baina Zumaiarekin lotura dutenak. Horietatik 32 ekoizlerekin elkarrizketak egitea izan da posible.

Azterketa honetan, txostenean jasota ikus daitekeen bezala, auzoz auzo zein behar eta eskaera dituzten jaso da, besteak beste. Esanguratsua da, ekoizleetatik oso gutxik ematen diotela balio erantsia beren produktuei, hau da, gehienek produktua bere horretan saltzen dute eta gutxi batzuk baino ez dute ekoizten, adibidez, sagardoa beren sagarrekin edota txakolina beren mahatsarekin. Sektorearen egoeraren analisiaren eta beharren azterketaren ondoren, ondorio batzuk atera eta ekintza plan batean jaso dira, epe labur eta ertainean martxan jartzeko ekintzekin. Besteak beste, Udala eta baserritarren arteko harremanak errazteko bideak jorratzea, sektorea aktibatzea eta gaztetzea, lurraren eskuragarritasuna bultzatzea, azoka biziberritzea,  ostalaritzako eragileekin eta herriko dendekin elkarlana sustatzea, informatzea, sentsibilizatzea…

Txostena eskuragarri dago Zumaiako Udalaren webgunean: www.zumaia.eus.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide