Horiek horrela, deialdi honen bitartez, jakinarazi nahi dugu, irekita gelditzen dela gaurtik, abuztuak 31 bitarte, OLARRO EGUNEAN txosnetan zein herri bazkarian lan egiteko izen-emate epea. Interesa duen elkarte orok, turismo bulegoan, 943143396 telefonoan edo turismoa@zumaia.eus helbide elektronikoan apuntatu ahal izango du.
Irailaren 1ean bilera egingo da izena eman duten lagun guztiekin. Bertan zozketa bidez erabakiko da lanen banaketa eta eginkizun eta betebeharren inguruko azalpen zehatzak ere emango zaizkie parte hartzaileei.
Izen-emateko baldintzak
Parte hartzaileak etekin ekonomiko propiorik gabe modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarteak izan beharko dute eta Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatu beharko dute.
Horrez gain, euskaraz mintzatzea ezinbestekoa izango da eta adin txikikoek ezingo dute, inola ere, edaria zerbitzatu txosnetan.
Betebeharreko lanak:
Urtero bezala, bi eginkizun edo lan nagusi izango dira egun horren ospakizunean, txosnetako lana eta bazkari herrikoia zerbitzatzea, hain zuzen.
Txosnetako lana:
Talde ugarik parte hartu ahal izango dute herrian zehar banatuta egongo diren txosnetan. Festa egun aurretik, ostiralean, talde bakoitzetik 12 lagun inguruk broxetak prestatu beharko dituzte. Ondoren, Olarro egunean bertan, olagarro zopa prestatu eta broxetak banatu beharko dituzte txosnetan. Horrez gain, taldearen esku egongo dira azpiegituren muntaia, baita materiala garraiatzeko autoa eta edaria ere.
Ordutegiari dagokionean, goizeko 09:00etatik gaueko 23:00ak bitartekoa izango da, gutxi gora behera.
Txosna guztietan ordutegia eta prezioak berdinak izango dira. Prezio herrikoiak eskaintzen dira.
Bazkari herrikoia
Urteroko herri bazkariak 550 lagun inguru biltzen ditu Eusebio Gurrutxaga plazan, beraz, lan hau burutzeko 35 bat pertsonez osatutako lan talde bat beharko dugu. Talde horrek bazkaria zerbitzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak jarri beharko ditu, karpara sarrerak zaindu, bazkari txartelak jaso, jana banatu eta, noski, ondorengo txukuntze eta garbitze lanak ere burutu beharko ditu.
Muntatze-desmuntatze lanen koordinazioa udaletxearen eta herri bazkariko eta txosnetako kudeatzaileen artean egingo da.