Axular eta Jadarreko obrak amaitzear daude

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko abu. 25a, 14:40

Pixkanaka-pixkanaka eta atsedenik gabe aurrera doaz Jadarreko horma berreraiki eta Axular ibiltokia herritartzeko lanak. Aipatu obrak uztailean hasi ziren eta dagoeneko azken txanpan daudela adierazi du Udalak.

Esate baterako, datorren astean zehar Jadarre zein Axular ibiltokiko trafikoa bi noranzkotan zabalduko da berriro ere. Horrek trafikoa arindu eta Axular zein Zubitxikiko obrak bizkortuko ditu.

Ildo horretan, eremu hori iraila zabaltzea aurreikusi du Udalak. Bertan egindako lanen artean Jadarreko horma guztiz berreraiki eta, Axularri dagokionean, besteak beste, bertako espaloiak zabaldu eta errepideko errailak estutu ditu, ibilgailuentzat bi noranzkoak errespetatuz. Aldaketa horrekin bertatik pasatzen diren ibilgailuen abiadura jaistea da Udalaren helburua.

Halaber, lan horiek guztiekin herritarren mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzea eta bertako oinezko zein haurren segurtasuna bermatzea du xede Udalak. Modu honetara gainera, oinezkoak ibilgailuaren gainetik lehenetsi eta oinezkoentzat espazioak berreskuratuko dira.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide