Trafiko aldaketak Axular eta Zubitxikiko obrak direla eta

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko ira. 3a, 09:52

Axular ibiltokia herritartzeko lanak amaitzear daude eta ildo horretan, ostiral honetan bi noranzko trafikoa berreskuratu da bertan.  

Azken egunotan, ordea, lan horiek Zubitxikira zabaldu dira eta ondorioz, datorren asteari begira, astelehenetik ostiralera, hain zuzen, Galdona burdindegi aurreko bidegurutzea, hau da, Patxita Etxezarreta, Basadi auzoa eta Mendaro Mariñela kalea lotzen dituen bidegurutzea, itxi egingo da ibilgailu zein oinezkoentzat eremuko azken asfaltatze lanak egiteko.

Hori dela eta, Txomin Agirre kaiara joan nahi duten ibilgailuek Axular ibiltokia erabili beharko dute eta oinezkoei dagokionean, Gernikako zubitik joan beharko dute.

Alai, Aita Mari, Basadi auzoetara eta Kantauri plazara joan nahi duten ibilgailuek, aldiz, Estazioko errotondatik sartu ahal izango dute, baina ezingo dute bertatik Zubitxikira joan.

Horrez gain, astelehen goizetik aurrera, Udaltzaingoa, Odietako aldapa eta I. Zuloaga plaza lotzen dituen bidegurutzea ere itxita egongo da, bertan ere hainbat asfaltatze lan egingo baitira.

Kasu honetan, San Jose eta Arritokieta kaleetara edota hilerrira, baserrietara edo Santa Klarara doan trafikoa Angeles Sorazura desbideratuko da udaletxe aurreraino. Ondoren, San Juan egoitza paretik aipatutako puntuetara bideratuko da.  

Asfaltatze lanek egun gutxi batzuk iraungo dute eta eremu hori ostiralean bertan zabaltzea aurreikusi du Udalak.

Autobus zerbitzua:

Obrak irauten duten bitartean autobusak ez dira Patxita Etxezarreta kalean sartuko. Axular ibiltokitik sartuko dira Txomin Agirrera eta behin Arbustainen buelta emanda, Garoa taberna aurrean egingo dute geldiunea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide