Horiek horrela, datozen asteotan aipatu bide hori zabaltzeko lanak eramango ditu aurrera. Modu honetara, Arbustainetik (autobusak biratzen duen lekutik) Ardantzabide aldera bideratuko dira bizikletak eta ondoren, Amaia plaza atzealdetik hondartzaraino Itzurun zuhaitz-bidearekin lotuko da bidegorria.
Aurrekontu parte hartzaileetan jasotako proposamena da, hain zuzen, bidegorri sarea Itzurun hondartzaraino zabaltzea eta helburu du Zumaia zein zumaiarren mugikortasun eta irisgarritasuna hobetu eta bermatzea. Gainera, aurten, hondartzara bizikletaz doazenen kopuruak nabarmen egin du gora, horrenbestez, bidegorriko erabiltzaileen beharrei erantzuna ematea da ere Udalaren xedea.
Ildo horretatik, bizikletak uzteko lekuak ere handituko dituela iragarri du Udalak, bai Itzurunen zein Santiagoko hondartzan. Horretarako, gaur egun bizikletentzat dagoen kablea 50 metro luzatuko du Udalak bi hondartzen artean. Horrez gain, egungo aparkalekuak ere mantenduko ditu.