Datorren astean zabalduko ditu berriro ateak Zumaiako Gazteguneak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko ira. 7a, 14:08

Udako oporrak ziztu bizian igaro dira eta dagoeneko hastear da 2017-2018 ikasturtea. Herriko ikastetxeek eguneroko lanei helduko diete jada ostegunean eta ildo horretan, Zumaiako gaztegunea ere prest dago ikasturte berriari ongietorria emateko.

Datorren asteazkenean, beraz, DBH1eko ikasleentzat zabalduko ditu lehenbizi ateak eta ostegunean, aldiz, gainerako gazte eta nerabe guztientzat. Bertan, berdintasuna, inklusioa eta euskara oinarri dituen proiektu hezitzaile bati jarraiki, hezitzaileen laguntzarekin tailerrak, jolasak, irteerak edota beste hainbat ekintza garatuko ahal izango dituzte. “Gaztegunea herriko gaztetxoei zuzendutako topagunea da, espresio eta sorkuntzarako gunea, hain zuzen eta bertan guztiek izango dute aukera parte hartu eta lagunekin zein beste gazteekin esperientzia berriak bizi, jendea ezagutu eta haien kezka, proposamen eta ideiak partekatzeko”, azaldu dute Udaletik.

Gaztegunearen ordutegia honakoa izango da:

  • Asteartea-osteguna: 17:00-20:00

  • Ostirala eta larunbata:

    • 12-14 urte: 17:00-19:00

    • 15-17 urte: 19:00-21:00

  • Igandean (hilabeteko 2 ):

    • 12-14 urte: 17:00-18:45

    • 15-17 urte: 18:45-20:30

Halaber, ikasturte berriari heldu aurretik guraso interesdunek Gaztegunea bisitatzeko aukera ere izango dute, hezitzaileen eskutik bertako instalazio eta azpiegiturak ezagutu eta zerbitzuaren helburu nagusien berri jasotzeko. Horretarako, hilaren 12an arratsaldean ateak zabalik egongo dira 17:00etatik 20:00etara bitartean.

Informazio gehiagorako: 688 612 940 // gaztegunezumaia@gmail.com

Gipuzkoako haurtxoko eta gazteleku sarea

Halaber, Gipuzkoako udalerri ezberdinek, Zumaia barne, Aldundiarekin elkarlanean, haurtxoko eta gazteleku sarea osatu dute. Guztira 50 herri baino gehiago dira sare hori osatzen dutenak eta helburua da, guztiak bat eginik, haur eta gazteei eskainitako zerbitzua bateratu, aberastu eta hobetzea. Ildo horretan, programa hezitzaile berean oinarritutako zerbitzua eskainiko da sarea osatzen duten herri guztietako haurtxoko zein gaztelekuetan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide