Olarro egun jendetsu eta arrakastatsua larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko ira. 18a, 11:48

Udalak herritarren partaidetza itzela azpimarratu du eta eskerrak eman dizkie herriko talde eta elkarteei egindako lan eta esfortzuagatik, beren jarduna ezinbestekoa izan delako jaia ospatzeko. Halaber, ekintza bandalikoak medio, Erribera kalea apaintzen zuten banderak hautsi izana gaitzetsi du.

Urte betez gehiago, gastronomia eta bereziki olagarroa protagonista izan ziren larunbatean Zumaian. Aurtengoan eguraldia lagun izan ez bada ere, giro ezin hobea bizitu zen herriko kaleetan eta ildo horretan, ospakizunaren inguruko balorazio positiboa egin du Udalak.

Aurtengoan ere herritarren partaidetza itzela azpimarratu eta eskertu ditu. Festa egun jendetsua izan zen eta jai-egitarauan jasotako ekintza orok harrera ezin hobea izan zuten zumaiarren artean, herritarren parte-hartzea aktiboa eta oso altua izan baitzen guztietan. “Festak ez dira festa herritarren parte-hartzerik gabe eta bide horretatik, zumaiarren inplikazioa guztiz eskertzekoa da”, gehitu dute Udaletik. Ildo horretan, herri bazkarian izandako betetze maila aparta nabarmendu du, non 600 lagun inguruk hartu zuten parte.

Era berean, Udalak eskerrak eman dizkie herriko talde eta elkarteei festen antolakuntzan egindako lana eta inplikazioagatik. “Olarro Eguna lankidetza eta elkarlanean oinarritutako festa da eta ildo horretan, eskerrik beroenak eman nahi dizkie Udalak ostiral zein larunbatean boluntario gisa lanean aritu ziren herriko 11 elkarte desberdinetako kideei”. Guztira 200 boluntario inguruk parte hartu zutela adierazi du Udalak.

Dena den, festa eguna giro ezin hobean bizitu zen arren, gauean gertatutako ekintza bandalikoak medio, Erribera kalea apaintzen zuten banderatxoak apurtuta azaldu dira. Horren harira, ekintza hori salatu eta gaitzetsi du Udalak. “Banderatxo horiek orain arte San Telmo kalea apaintzeko erabilitakoak ziren, balio berezikoak, hain zuzen”, adierazi dute Udaletik.  Orain, ahal dituen banderatxo guztiak errekuperatu, garbitu eta konponduko dituela jakinarazi du Udalak, baina gertatutakoak ikusirik, datorren urteari begira, apaintze lanen inguruan neurriak hartu beharko dituela adierazi du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide