Zumaiako dikeko lanak ikusteko bisita gidatuak egingo dira datorren astean

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko urr. 17a, 15:45

2016ko urrian hasi ziren Zumaiako kai muturra berritu eta erreforzatzeko obrak eta urtebeteko lanen ondoren, dagoeneko amaitzear daudela jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzatik.

Dena den, eraberritze lanak nahi adina baino gehiago luzatu dira denboran eta gora-behera guztien azalpenak zein bertan egindako berritze lanen nondik norakoak azaltzeko bilera irekiak eta kai muturrera bisita gidatuak antolatu dituzte Udalak eta Portu Zuzendaritzak elkarlanean.

Jardunaldi horiek datorren hilaren 27 (16:00etan) eta 28an (11:00etan), ostiral eta larunbatean, alegia, egingo dira. Lehenik eta behin, informazio bilera eskainiko zaie zumaiarrei Algorri Interpretazio Zentroko proiekzio gelan eta horren ondoren, itsasontzi bidez bisita gidatu bat egingo da kai muturreraino bertan egindako lanak ikusi eta horien inguruko azalpenak jasotzeko. Jardunaldi bakoitzak ordu eta erdi inguruko iraupena izango du eta bertan egongo dira azalpenak ematen Eusko Jaurlaritzako Portuetako zuzendaritzako teknikariak.

Itsasontziko jende edukiera mugatua dela aintzat hartuz (gehienez 35 pertsona), parte hartu nahi duten herritarrek aurrez izena eman beharko dute komunikazioa@zumaia.eus helbidera idatziz. Bertan, bakoitzaren izen-abizenak eta aukeratutako txanda (hilak 27 16:00etan / hilak 28 11:00etan) zehaztu beharko dira. Izen emate epea zabalik egongo da hilaren 25a arte.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide