Aparkamenduen erregulazioaren inguruko bilera irekiak egingo dira datorren astean

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko aza. 12a, 09:51

Zumaiako alde zaharreko aparkamenduaren erregulazioa izan da uda honetako gai nagusietako bat eta behin lehen txanpa hori amaituta, Udalak sistemaren inguruko balorazio sakona egin eta datorren urteari begira sistema herri osora zabaltzeko bide eta aukerak aztertzen hasi da dagoeneko.

Ildo horretan, iaz egin bezala, aurten ere ezinbestekotzat jo du zumaiar ororen esperientzia, iritzi eta proposamenak ezagutzea, egindako akatsak zuzendu eta 2018an ezarriko den sistemak herritar ororen beharrei erantzun diezaion.

Bilera deialdiak:

Horretarako bilera irekiak antolatu ditu datorren astean eta saio horietan herritar ororen iritzi eta ekarpenak ezagutu eta jaso ahal izateko, 5 bilera deitu ditu, 3 herritarrei zuzenduak eta beste 2 ostalari eta merkatariei zuzenduta.

  • Asteazkena, hilak 15:

    • 09:30: herriko ostalariak

    • 18:00: erregulatutako guneko bizilagunak eta inguruko auzoak (Oikia-Narrondo-Artadi)

  • Osteguna, hilak 16:

    • 14:30: herriko merkatariak

    • 18:00: Basadi-Aita Mari-P.Etxezarreta

  • Ostirala, hilak 17, 18:00ean:

    • Alai auzategia-Estazioa-Jadarre-Puntanueta

Bilera guztiak Oxford aretoan egingo dira eta auzoka banatuta antolatu badira ere, saio guztiak irekiak izango dira, horrenbestez, herritarrek bilera batera edo bestera joateko aukera izango dute, guztietan dinamika bera jarraituko baita.

Saio guztietan, hain zuzen, lehen fasetik jasotako datuen eta lehen iritzien inguruko balorazioa aurkeztuko die Udalak zumaiarrei, baita, datorren urtera begira erregulazio sistema herri osora zabaltzeko landutako lehen zirriborro proposamena ere. Horrez gain, noski, herritarren iritzi, proposamen eta ekarpenak jasotzeko tartea egongo da eta horretarako, parte-hartze mahaiak osatuko dira gaia taldeka sakontasunean aztertu eta jorratu ahal izateko.

Bileren osteko urratsak

Behin herritarren ekarpen eta iritziak jasota, mahai teknikoan jorratuko du Udalak proposamena, eta guztien ekarpen eta iradokizunak aintzat hartuta, bigarren proposamen bat landuko du. Behin hori prest duenean, saio irekiak antolatuko ditu berriro dokumentua herritarrei aurkezteko. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide