Larunbatean, hain zuzen, ZAPITIK ZAPIRA katea osatuko da Erribera kaletik Beheko plazaraino. Horretarako 12:00etan Ardantzabideko plazan elkartuko dira parte-hartzaileak eta, behin zapiak banatuta, trikitilarien laguntzarekin, katean joango dira Beheko plazaraino. “Euskarak 365 egun” mezua zabalduko dute ondoren, argazkia atera, eta amaitzeko, salda eta mokadutxo bana eskainiko zaie.
Igandean, Euskararen Egunean, Ibilaldi bat euskararen arrastoan hitzaldi ibiltaria abiatuko da, goizeko 11:00etan, Kofradiako plazatik, Imanol Azkueren gidaritzapean. Bidean zehar, euskarak herrian izan duen bilakaeraren inguruan mintzatuko da. Izan ere, euskara ezkutatuta egon zen hainbat urtetan, baina 1960tik aurrera lekuak eta funtzioak irabazten hasi zen, zumaiarren eta herriko taldeen ekimenez (ikastola, udala, euskaltegia, bertso eskola...) eta ibilaldian horietako batzuk kokatu eta ezagutzeko aukera izango da.
Arratsaldean, aldiz, ekintza egitaraua ixteko, Ardiak eta otsoak euskarazko filma eskainiko da haurrentzat, 16:30ean Aita Marin.
Amaitzeko, lerro hauen bitartez, dei egiten die Udalak herriko talde, elkarte, eragile eta zumaiar orori antolatutako ekintzetan parte hartu, euskararen alde egin eta gure hizkuntza 365 egunez erabili eta bultzatzen jarrai dezaten.