Aparkamenduen inguruko ordenantza lantzeko mahaia osatzeko herritarren parte-hartzea eskatu du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko abe. 3a, 15:54

Jada aparkamenduaren erregulazioaren lehen txanpa amaituta, datorren udarari begira sistema herri osora zabaltzeko bideak lantzen ari da Udala. 

Ildo horretan, azaroan zehar 5 bilera ireki egin ditu, bi merkatari eta ostalariekin eta gainerako 3ak, herritarrekin. Saio horietan, lehen aplikazio fasean jasotako datuak azaldu eta 2018an ezarri nahi den erregulazio sistemaren lehen zirriborroa aurkeztu du Udalak. Horrez gain, noski, bileren helburua izan da herritar ororen ekarpen eta proposamenak entzun eta jasotzea, datorren urteari begira, egindako akatsak zuzendu eta sistema berria guztien beharretara moldatu dadin.

Aparkamenduaren inguruko ordenantza lantzeko mahai tekniko-politikoa

Ildo horretan, erregulazio sistema berria osatzeko mahai tekniko-politiko bat osatuko du Udalak eta talde hori ordezkari politikoek, udal teknikariek, udaltzaingoko kideek eta bi herritarrek osatzea da asmoa.

Horiek horrela, mahai horretan parte hartu nahi duten herritarrek mugikortasuna@zumaia.eus helbidean eman beharko dute izena datorren abenduaren 11a baino lehen. Apuntatu diren guztien artean zozketa egingo da herritarrak ordezkatuko dituzten bi lagunak izendatzeko.

Horrez gain, udal gobernuak garrantzitsu eta ezinbestekotzat jo ostalari eta merkatariei ere mahai teknikoan ahotsa ematea eta horretarako, ordezkari bana txertatzea ere proposatu die, haien interes eta ideiak ere kontuan hartuak izan daitezen. Eta ildo horretan, hain zuzen, komertzioak eta ostalaritzak herrian duen pisua aintzat hartuta, 3tan bildu da udal gobernua merkatari zein ostalariekin sistema indarrean egon den hiruhilekoan.

Udalaren balorazioa

Aparkamenduaren inguruko ordenantza aho batez onartua izan zen, hau da, hiru alderdi politikoen babesa jaso zuen. Ildo horretan, Udalak adierazitakoaren arabera, udan jasotako datuak onak izan dira eta zenbait alderdi hobetzeke badaude ere, positibotzat jo du aparkamenduaren erregulazioaren lehen fasea. Halaber, prozesuan zehar egindako bileretan zein horietatik kanpo herritarrekin izandako hartu-emana oso aberasgarria dela adierazi du, baita ildo beretik webguneko eta udal aldizkariko inkesten bitartez jasotako proposamenak ere. Horregatik, eskerrik beroenak ematen dizkie guztiei egindako ekarpen guztiengatik.

Datozen urratsen artean, proposamen oro aztertu eta horiek aintzat hartuz, mahai-tekniko politikoan bigarren zirriborroa landuko da. Behin dokumentu hori osatzean, herritarrei aurkezteko saio irekiak antolatuko ditu Udalak. Dena dela ere, 2018ko lehen hiruhilekoan ordenantza onartuta egotea aurreikusi du, modu honetara ekainean indarrean jarri ahal izateko.

2018ko aparkamenduaren erregulazio sistemaren lehen zirriborroa

Datorren urteari begira aparkamenduaren erregulazioa herri osora zabaltzea da Udalaren helburu eta nahia. Bide horretan, Basadi, Aita Mari, Alai, Axular eta Estazioko auzoko aparkalekuak egoiliarrentzat jasotzea proposatu du. Errotazio altuko gune gisa (90 minutu), Osasun Zentro aurreko gunea eta Alai auzoko Eroskiren aurreko aparkamendua planteatu ditu. Egonaldi ertaineko (6 ordu) gune gisa, aldiz, Aita Mari futbol zelaiko atzealdea eta itsas kiroldegiko gunea.

Puntanuetako eremuan, aldiz, garaje pribatu ugari daudela aintzat hartuta, aparkaleku batzuk egoiliarrentzat eta beste batzuk libre gisa eskaintzea proposatu du.

Halaber, iaz bezala, sistema berria indarrean jartzearekin batera, poligonoan bizi diren bizilagunek ezingo dute erdiguneko egoiliar guneetan aparkatu ezta alderantziz ere, hau da, erdiguneko bizilagunek ezingo dute poligonoko egoiliar eremuetan ibilgailua utzi, bai noski, errotazio altuko zein egonaldi ertaineko guneetan.

Erdiguneko aparkamenduaren egoerari dagokionean, aldaketa txiki batzuk egitea proposatu du Udalak, esate baterako, Zubitxikia eta Moilaberriko zubiaren arteko gunea errotazio altuko bilakatzea (merkatariek eskatuta) edota autobusek biratzen duten lekutik arranpla bitarterainoko gunea egonaldi ertainekoa izatea.

Halaber,  kanpoko aparkalekuak erdigunearekin lotzen dituen zerbitzuak indartzea ere proposatu du Udalak, hala nola bigarren txalupa bat jartzea edota herrian barrena zerbitzua emango duen autobusa alokatzea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide