Euskararen Astetik urte osora begira

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko abe. 4a, 15:14

Argazkia: Juan Luis Romatet

Zumaiako Udalak eskerrak eman nahi dizkie Euskararen Asteko ekintzak antolatzen aritu diren guztiei eta parte hartu duten zumaiarrei ere bai: euskarazko filmak ikusten, literaturaz eta musikaz gozatzen, zapi gorriak jantzita trikitilariekin dantzan eta euskararen ibilbideaz ibilian ikasten. 

Larunbat eguerdian Udaleko ordezkariek 2018ko erronka baten berri eman zuten: azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, hamaika egunez, Euskal Herriko toki askotan euskaraz bizitzeko apustu berezia egingo da: EUSKARALDIA ekimena. Horretarako erabiliko diren bi figura edo irudiak ere ere aurkeztu zituzten: AHOBIZI izenekoek euskaraz egingo diete ulertzeko gai diren guztiei, eta ezezagunei lehen hitza euskaraz egingo diete; BELARRIPREST deitutakoek dakitenak beraiekin euskaraz aritzera gonbidatuko dituzte, beraiek euskaraz edo erdaraz erantzun arren. Egun horietan jendeak txapa edo ikur batzuk eramango ditu, errazago identifikatzeko. Erakunde publikoak eta euskararen aldeko elkarteak elkarlanean arituko dira ekimena prestatzen, eta urte hasieratik antolatuko dira jarduera batzuk: hitzaldiak, saio bereziak...

Joan den astean emandako erantzuna ikusita, zumaiarrak prest agertu dira lanerako. Izan ere, egun edo aste bat bakarrik ez, euskarak urtean 365 egun behar ditu. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide