Iaz Eguberri garaian egin bezala, aurten ere, herritarrei zuzendutako argazki lehiaketa antolatu du Udalak.
Oraingoan ere lehiaketaren gaia Gabonetako argiztapena izango da. Parte hartzaileek kalean zein etxean jarritako Eguberrietako argi-apaingarrien inguruko argazkiak bidali beharko dituzte udal whatsappera, 688 844 400 zenbakira, alegia. Argazkiak mugikorrarekin egindakoak izan beharko dute eta parte hartzaile bakoitzak irudi bat bidali ahal izango du egilearen izen-abizenak gehituta. Horiek aurkezteko epea abenduaren 24tik urtarrilaren 8a arte izango da (biak barne).
Sariduna Kultur eta Turismo saileko eta Baleike aldizkariko kideek osatutako epaimahaiak aukeratuko du eta irabazleak Marina Berri jatetxean bi dastatzeko menu jasoko ditu sari gisa. Halaber, lehiaketako argazki onenak udal webgunean jarriko dira ikusgai.
“Urtetik urtera lehiaketako partaidetza itzela izan da eta argazki zoragarriak jaso ahal izan ditugu, beraz, aurtengoan gutxiago izan ez dadin, herritar oro animatzen dugu argazkiak egin eta parte har dezan”, amaitu du kultur saileko zinegotziak, Jon Iraolak.