Ildo horretan, 2017ko urte amaieran, sistema horren inguruko ordenantza berria osatzeko mahai tekniko-politikoa osatu zuen Udalak. Mahai horretan ordezkaritza dute udal tekniko zein politikoek, merkatari eta ostalariek eta baita herritarrek ere.
Dagoeneko bi aldiz bildu dira mahai-kideak. Lehen bilera abenduaren 19an izan zen eta bertan, lehenik eta behin, 2017ko ordenantzaren balorazioa eta hausnarketa egin zuten, akatsak, zalantzak edota zehazteke zeuden gaiak mahai gainean jarriz. Halaber, 2018an sistema herri osora zabaltzeko Udalaren proposamena ere azaldu zitzaien kide guztiei. Bigarren saioan, urtarrilaren 9an, mahai-kideek ekarpenak egin zizkioten proposamen horri.
Orain hilabetea amaitu aurretik hirugarren aldiz elkartuko dira ekarpen horiek guztiak aintzat hartuta aparkamenduaren inguruko ordenantza berriaren nondik-norakoak zehazteko.
Behin dokumentu hori osatzean herritarrei aurkezteko saio irekiak antolatuko ditu Udalak. Dena dela ere, 2018ko lehen hiruhilekoan ordenantza onartuta egotea aurreikusi du, modu honetara ekainean indarrean jarri ahal izateko.