Otsailaren 9tik 12ra ospatuko dira Inauteriak Zumaian

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018ko ots. 3a, 10:03

Zumaiako ikastetxeak izango dira, hilaren 9an, Inauteriei ongietorria emango dieten lehenak. Ondoren, 17:00etan Ludotekako haurrentzat festa egingo da Ludoteka bertan, eta 18:30ean, Musika Eskola eta ZUMB-Musika bandaren Inauterietako kalejira izango da. 

Datorren otsailaren 9tik 12ra bitartean, herriko kaleak kolorez, alaitasunez, musikaz eta irri eta algaraz beteko ditugu 2018ko inauteriak ospatzeko. Horretarako, noski, Udalak ekintza egitarau zabala antolatu du. 

Horrela, Zumaiako ikastetxeak izango dira, ostiralean, Inauteriei ongietorria emango dieten lehenak. Ondoren, 17:00etan Ludotekako haurrentzat Inauteri festa egingo da Ludoteka bertan, eta 18:30ean, Musika Eskola eta ZUMB-Musika bandaren Inauterietako kalejira izango da.

Larunbatean, aldiz, goizetik helduko diogu festa giroari eta 12:00etatik aurrera, Zumai txarangaren kalejiraz gozatu ahal izango dugu herriko kaleetan barrena. Arratsaldean, aldiz, 17:00etatik hasita mozorro festa eta lehiaketa egingo da Eusebio Gurrutxagan, eta parte hartzaileentzat txokolatea ere banatuko da. Bien bitartean, 17:30ean, Zumai txarangak inauterietako kantuekin girotuko gaitu.

Mozorro festa eta lehiaketari dagokionean, bi lehiaketa desberdin egingo dira: desfile lehiaketa bata, 17:00-18:00etara Eusebio Gurrutxagan, eta Argazki Txokoa bigarrena, 18:30-21:00 bitartean Oxford aretoan.

Desfile lehiaketan haurrek zein gazte eta helduek parte hartu ahal izango dute eta sariak ere egongo dira. Haurren kasuan 3 sari banatuko dira: banako/bikote onenari bata, 0-8 urte bitarteko talde onenari bigarrena eta 9-16 urte bitarteko taldeka onenari ere, hirugarrena. Gazte eta helduentzat, aldiz, bi sari egongo dira: banako/bikote onenarentzat lehena (80€) eta talde onenarentzat bigarrena (120€).  Izen ematea plazan bertan egin ahal izango da arratsaldeko 17:00tan.

Argazki Txokoa, bestalde, gazte eta helduei zuzenduta egongo da eta 2 sari banatuko dira herritarren botazioaren bitartez: banako/bikote onenarentzat bata (80€) eta talde onenarentzat bigarrena (120€).

Halaber, larunbatean bertan, festa giroarekin jarraitzeko, arratsaldeko 19:00etan Team Wale Hip Hop taldearen kalejira izango dugu, eta eguna amaitu eta biribiltzeko, 22:30-01:00 bitartean, mozorroa soinean, disko-festa Kofradian. 

Igandean, jada normaltasunera itzuliaz, zine saioa eskainiko da 16:30ean Aita Marin, eta astelehenean, etxeko txikienek Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen saio bikoitzaz gozatzeko aukera izango dute, 15:00etan bata eta 17:30ean bigarrena. Amaitzeko, 18:00etan, Inauteri festa irekia izango da Ludotekan, LH 4-6 bitarteko haurrentzat. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide