Otsailaren 19an, astelehenean, aparkamenduaren 2018ko erregulazio sistema herritarrei aurkeztu eta azaltzeko bilera irekia antolatu du Udalak, arratsaldeko 18:00etan Alondegiko Oxford aretoan. Bertan izango dira azalpenak ematen Zumaiako alkatea, Oier Korta eta udal arkitektoa Gorka Arregi.
Azalpen saioa elebitan egingo da eta helburu du datorren ekainetik aurrera herri osora zabalduko den erregulazio sistema berriaren xehetasunak herritarrei azaltzea.
Izan ere, ordenantza landu eta sistema berria herritar ororen beharretara egokitzeko, aipatu dokumentua osatzeko garaian Udalak kontuan izan ditu uda sasoitik hona herritarrengandik jasotako iritzi eta ekarpenak, baita azaroan eginiko 5 bilera irekietan zein bestelako komunikazio euskarrien bitartez (posta elektronikoa, udal whatsappa) jasotakoak ere.
Horiek guztiak mahai politiko-teknikoetan aztertu eta landu dira, eta jada lehen zirriborroa osatuta eta herritarrei zein udal talde politikoei aurkeztuta, otsailean egingo den ez ohiko osoko bilkuran behin-behineko onespena ematea aurreikusi du Udalak.